Herri mugimendua sortu da klima aldaketari aurre egiteko, Greta Thunberg ikasle suediarraren Friday For Future deialdiarekin bat eginez. Mundu osora zabaldu da, eta greba eguna izan zen atzokoa, hainbat txokotan. Urumea bailarako hainbat herritarrek Donostian egin zuten bat deialdiarekin.
Herritarrez gain, politikariak ere hasi dira mugitzen. Astearteko Plenoetan, bai Hernanin, eta baita Astigarragan ere, hainbat mozio eztabaidatu eta hainbat neurri adostu zituzten, klima larrialdia deitutakoari aurre egiteko. Neurri horien artean, «tokian tokiko ekonomia sustatzea», «elikadura burujabetza» edota «basogintza, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa» bezalako filosofiak bultzatzea nabarmendu zituzten, besteak beste.
Zaharrak berri, beraz. Izan ere, garai batean halaxe egiten zen Euskal Herriko hainbat etxetan, guztia: bertako produktuak, garaian garaikoak eta tokian tokikoak erabili; artisau eran produktu berriak sortu; eta guztiarekin, naturaren erritmo eta baliabide naturalak aprobetxatu, eta hondakin gutxiago sortu. Eta filosofia horrekin bat egiten dute Urumea bailarako hainbat elikadura enpresak ere.
Artisaua, KM0 eta ekologikoa
Izan klima aldaketari aurre egiteko, edo planetaren eta naturaren erritmo naturala errespetatu eta denen ongizatea bermatzeko, edota osasuna zaintzeko, asko dira elikadura mota jakin baten alde lanean ari diren enpresak.
Horietako bat da, esaterako, Leizuri izozkiak. Izozki artisauak egiten dituzte, eta naturalak, garaian garaiko eta tokian tokiko, hau da, KM0ko produktuekin; konserbagarri, koloratzaile eta aroma artifizialik gabe.
Berdin aritzen da On Ein kontserbak ere. 2015ean sortu eta 2016an lortu zuen ENEEKen agiri ekologikoa. Bertan ekoizten ditu mermelada, barazkiak eta sagar-produktuak, tokiko lehengaiekin.
Basqueland Brewing, berriz, garagardoa egiten da aditua. Era artisauan egiten ditu hainbat mota eta zaporekoak. Sekretuaren parte omen, Añarbeko ura!
Eta era horretako elikagaiak erabiltzearen aldeko apustu garbia egin du Diametro200 jatetxeak. Bertakoa, tokian tokikoa erabilita, sukaldaritza tradizionala eginez, paneta ere lehengora itzultzeko ahaleginean.