3.000 euroko laguntza, uholdeak jasandako Nafarroako herriei

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 26a, 02:00

Ikasturteko aurreneko plenoa izan zuten herenegun Her­­naniko udal ordezkariek. Eta 2020ra begira herritarren­tzat garrantzitsua den erabakia hartu zuten: zein izango den 2020ko ordenantza fiskala. 

Gai-ordeneko laugarren puntuan hartu zuten erabaki hori; aurretik, ekaineko eta uztaileko aktak onartu zituzten, baita azken hilabeteetako dekretuen eta kontu-hartzailearen txosten baten berri eman ere. 

Santa Barbara bailara 63 zenbakiko eraikinaren xehetasun azterlana eta Zerbitzu Sozialetako CCOO sindikatuak plantilla aldaketaren aurka aurkeztutako idatziari eran­tzunez, gaiari dagokion dokumentazioa ematea aho batez onartu zuten.


%0,8ko igoera orokorra, 2020eko zerga eta tasek

Ezustekorik gabe, EH Bilduren udal gobernuak -gehiengo osoa daukate- egindako proposamena onartu zuten, ha­ien botoekin. EAJ eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten, eta abstenitu egin zen Elkarrekin Po­demos. 

Isa Sanchez ogasun zinegotziak azaldu zuen proposamena: «udal gobernuaren pro­posamenean, igoera orokorra %0,8koa izango da, hau da, KPI akumulatua borobilduta aplikatuko da (Eustatek 2018ko uztailetik 2019ko uztailera argitaratzen duena kontuan hartuta)». 


Ordenantza fiskalak onartzeko egindako lanketa «eskertu» zuen Elkarrekin Podemosek.


Sanchezek azaldu zuenez, hainbat zerga eta tasa ez dira igoko. Zergen artean: IBI in­dus­triala, IAE eta ICIO, foru arauak markatzen duen gehi­en­goan daudelako; ezta gainbalioaren tipoa ere.

Tasen artean, aldiz, mantenduko dira: merkataritza, kultura eta zerbitzu sozialekin lotutako tasak. 

Familia batek zenbateko igoera jasango duen irudikatu nahi izan zuen, hiru adibiderekin: «etxeko uraren tasa zentimo bat igotzen da; hondakinaren tasa 20 zentimo igotzen da hiruhilabetekoaren erreziboan; eta kiroldegiko abono familiarra 1,85 euro igotzen da».

Dena den, diru-laguntzak eta onura fiskalak mantendu egingo direla adierazi zuen. 

Bukatzeko, hainbat aldaketen berri ere eman zuen. Aldaketa horiek hilerriaren tasetan, obrak egiteko lizen­tzietan eta ibilgailuaren zergaren hobarietan izango dira.


Metodologia «ederra»

Azalpenaren aurretik, Xabier Lertxundi alkateak ordenantza fiskala ezartzeko egindako la­na azaldu zuen:?«uztailean al­derdi guztiekin jarri ginen ha­rremanetan gai hau lantzeko, eta gaur aurkezten dugun proposamenean alderdien pro­posamenak ere sartu ditugu».

Hain zuzen, egindako lanketa «eskertu» egin zion El­ka­rrekin Podemoseko Jaione Aristregik, eta ildo beretik, metodologia «ederra» izan zela adierazi zion EAJ-PNVko An­doni Amonarraizek. Eta eskatu zen «beste gaietara ere zabal­tzeko».


Nafarroako herriei, elkartasuna

Horren guztiaren ondoren, mozioen txanda iritsi zen. EH Bilduk aurkeztutako Nafarroa­ko erdialdeko uholde larrien aurrean akordioaren mozioa eztabaidatu zuten. Aho batez onartu zuten, besteak beste, Nafarroako herri horiei, la­guntza moduan, 3.000 euroko ekarpena egitea, eta elkartasuna adieraztea. 

Ondoren, klima aldaketari lotutako beste hiru jarri zituzten mahai gainean: EAJ-PNVren Hernanin plastikoaren erabilera murrizteko mozioa, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako Hernanin larrialdi klimatikoa deklaratzeko eta krisiari aurre egiteko neurri zehatzak hartzeko mozioa; eta EH Bilduren Klima aldaketaren aurka konpromisoak hartzeko mozioa. Elkarrekin Podemos eta EH?Bildurenak onartu zi­ren; EAJ-PNVrena, aldiz, ez. 

Aurkeztutako mozioak:

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!