Beste urte batez, eta badira 11, herrira ekarriko ditu Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Hernani Musika Eskolako akordeoi orkestrak. Larunbatean izango da, arratsaldeko 18:00etan, Atsegindegin.
Musua ikuskizuna eskainiko dute, aurten: «muxu bat da naturari eta naturarekin jaiotako kulturari. Kezkatuta gaude aldaketa klimatikoarekin. Naturari bizkarra emanda bizi gara azkenaldian, baina izan zen garai bat, haren eskutik bizi ginela. Hortik datoz, Santa Ageda, Inauteriak, San Joaneko solstizioa, Halloween gaua eta neguko solstizioa bezalako ospakizunak», azaldu zuen Porrotxek, atzoko aurkezpenean.
Hain justu, horiek taula gainera ekarri, eta urteari errepasoa egingo diote, Xabier Zabalaren musika eta Leire Bilbaoren testuekin.
Pailazoak nabarmendu zuen, zentzu horretan «oso herri bizia» dela Hernani, «kulturgintza eta herrigintza asko bizitzen duena». Eta gogorarazi zuen, beraiek plazaz plaza daramazkiten 32 urteotan, ia urtero etorri direla Hernanira, herriko toki ezberdinetan emanaldia eskaintzera. Oraingoan, Atsegindegin errepikatuko dute: «eta hain justu, hori izango da, orain ezagutzen dugun Atsegindegiren azkeneko emanaldia», aurreratu zuen Koro Etxeberria kultura zinegotziak; «izan ere, laster hasiko ditugu obrak, Atsegindegiko itxiturak aldatu eta berritzeko».
Azkeneko sarrerak, salgai
Emanaldia ikusteko sarrerak, 7 euroan daude salgai, Ikusi-Makusi dendan, Kide kafetegian, eta tickets.kutxabank.es web orrian. Dagoeneko 725 daude salduta, eta kopurua mugatua dela jakinarazi dute, baina ez dute zehaztu nahi izan.
Bildutako dirua, erabiliko dute akordeoi ikasleen urteroko bidaia egiteko.