Asteburuan ez, ostegunean eta ostiralean jokatu zituzten bigarren jardunaldiko partiduak, nagusien mailako mutil palistek, Gipuzkoako Txapelketan. Eta emaitza oso onak lortu dituzte.
Bigarren mailan, aurreneko jardunaldiko porrotari buelta eman zioten hernaniarrek, eta garaipena lortu zuten, Altzatarraren kontra. 25-12 irabazi zieten Endika Ramosek eta Xabier Legarretak, Nuin eta Gomez donostiarrei, aurreneko garaipena lortzeko. Orain, ostegunean daukate hirugarren partidua, iluntzeko 21:15etan Elgoibarren, Lagunaken kontra.
Beste hiru bikoteak, berriz, hirugarren mailan ari dira; eta horietako bik, elkarren kontra jokatu zuten, bailarako derbian. Etxekoak nagusitu ziren, Txomiñenen: 25-22 irabazi zuten Ganix Urdangarin eta Beñat Zubiarrain astigartarrek, Alain Agirre eta Beñat Garmendia hernaniarren kontra. Estreinakoa zuten astigartarrek, aurreneko jardunaldian atsedena zeukaten eta. Hernaniarrek, bat irabazi eta bestea galdu dute.
Jokatutako biak irabazi dituztenak, Mikel Manterola eta Iker Zurutuza hernaniarrak dira. Trintxerpen jokatu zuten, Piña Kurdin taldeko Otxoa eta Carreraren kontra, eta 16-25 nagusitu ziren hernaniarrak. Garaipen horrekin, A multzoko bigarren postuan daude, Eple 2 liderraren puntu berdinekin.
Hirugarren mailako bi bikote hernaniarrek, atseden hartuko dute aste honetan; eta Urdangarin eta Zubiarrain astigartarrek, beraien bigarren partidua jokatuko dute, Eple 1 taldearen kontra, Errenterian. Eguna zehaztu gabe dago oraindik.