Txirrindularitzako Pistako Espainiako Txapelketa jokatu berri da Valentziako Luis Puig belodromoan, eta bertan izan da Iñaki Lekuona hernaniarra, Euskadiko Selekzioarekin parte hartzen. Taldea osatu dute berarekin, Ekain Jimenez oiartzuarrak eta Aritz Urra lazkaotarrak.
Hirurek taldekako abiadura proba egin zuten, eta urrea lortu zuten, 47.379ko denbora eginda. Itmar Esteban, Gerard Garcia eta Manel Usach kataluniarrek osatutako taldea gainditu zuten horrela, haiek 47,433ko denbora egin baitzuten.
«Finala oso estua izan zen, eta Ekainen abiadurak garaipena ekarri digu. Ondo aritu garela ikusi dugu, indartsu eta gogo eta ilusio haundiarekin», aitortu zuen Lekuonak lasterketa bukatu berritan.
Euskal Selekzioaren eta Kataluniakoaren atzetik, Gaztela-Mantxakoa sailkatu zen hirugarren, Vicente Garcia de Mateos, Jose Antonio Chilleron eta Pepe Morenok osatua.