«Emaitza onek mundu mailakoan parte hartzera animatu gaituzte»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 24a, 02:00

Denontzat taldeko Ismael Mateo, Lucio Roman eta Izas­kun Cantabella Estatu Ba­tuetako Tahoe lakuan izango dira igandean, bertan jokatuko den Spartan Race oztopo lasterketako Munduko Txapel­ketan parte hartzeko.

Euskaldun gutxi iritsi dira maila horretara, lehenago. Izan ere, txapelketa nazionalean eta Europakoan sailkatzea lortu behar da. Era berean, «gastuak gure gain hartu behar ditugu: bidaia, dortsala, ostatua...», diote kirolariek.


Cantabella, aurreneko emakume gipuzkoarra

Hirurek gogor egin dute lan ho­naino iristeko. Martxoan hasi zuten lehia, Mallorcako Spartan proban, eta ondoren, Madril eta Andorrakoak jokatu zituzten, liga nazionalean. Ho­riek denak gaindituta lortu zu­ten Europakoetara iristea; Do­lomitetan jokatu ziren, ekainean.

«Entrenamendu fisiko eta mentala lantzen hilabete asko pasa ditugu, probak prestatzen kontzentratuta aritzeko», dio Izaskun Cantabellak. Udara osoa pasa dute lanean Mun­duko Txapelketa honetara iristeko, baina lortu dute, eta ez da gutxi! Hain zuzen, Izaskun Cantabella bera, aurreneko emakume gipuzkoarra da, Munduko Txapelekta hau jokatuko duena.

Hori horrela, gozatzea dute helburua orain, Ismael Mate­ok azaldu bezala. «Aurten ahalegina egitea erabaki dugu. Izan ere, lortutako emaitza onek (nazionalean aurrenekoak eta Europakoan, 45-49 urte artekoen mailan, laugarrenak) mundu mailakoan parte hartzera animatu gaituzte. Eta bakarra den esperientzia bizi­tzera, bizitzan behin probatu behar baita». 

Lucio Roman ere ados dago Mateorekin. «Munduko Txa­pel­keta da urte gogor eta bizi bati bukaera borobila jartzeko modua. Merezi du, behinik behin, leku ikusgarriak ezagutzeko, eta maila ezin hobea daukaten korrikalariekin ari­tzeko aukera izateko».


Mailaz gain, eguraldiak zeresan haundia

Ez da edonolakoa, igandean Californiako Squaw Valleyren bihotzean kokatutako Tahoe lakuaren bueltan jokatuko den txapelketa. Leku hau 1960ko Neguko Joko Olinpikoen eszenatoki ere izan zen.

Oraingoan, Spartan oztopo las­terketa egingo da bertan, baina oztopoak ez dira gizakiak sortutakoak izango, naturak berak jarriak baizik. Bes­teak beste, 2,700 metrotik gorako altueran ibili beharko dute parte hartzaileek.

Hala ere, Denontzat taldeko kirolariak ez dira kikiltzen. «Hirurontzako helburuak ar­gi­ak dira: zigorrik jaso gabe egitea lasterketa, sailkapen ona lortu ahal izateko. Top 10ean sartzea litzateke arrakasta», dio Mateok. Eguraldiari ere ez diote beldurrik. «Aurreikuspen metereologikoek elurra, euria eta hotza iragarrita ere... Ez dago hiru gipuzkoar hauentzako gaindiezina den ezer!». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!