Ikasturte politikoari emango diote gaur hasiera Hernani eta Astigarragako udal ordezkariek. Hernanik, ohiko zitari eutsiz, gaur izango du plenoa, 19:00etan. Egun eta ordu bera aukeratu dute legegintzaldi honetan, astigartarrek ere.
2020ko ordenantza fiskalak eztabaidagai, bi Udalek
Ohiko puntuez gain, hau da, akta onartzea, galdera eta erreguetarako txanda... beste puntu bat ere partekatuko dute bi Udalek: 2020ko ordenantza fiskalena, hain zuzen.
Gainontzean, norberak bere gai propioak izango ditu.
Hernaniko udal ordezkariek hamar puntuko gai-ordena landuko dute. Tartean izango dira, CCOO sindikatuak plantilla aldaketaren aurka aurkeztutako idatzia, plastikoaren erabilera murrizteko mozioa, baita Nafarroako uholdeen aurrean akordioaren mozioa. Klima aldaketaren ingurukoak izango dira azkeneko bi puntuak.
Astigarragan, aldiz, hamaika puntu aztertuko dituzte. Tokiko Gobernuari eta erakundeetako ordezkariei buruz jardungo dira hasieran, eta hainbat hitzarmen ere landuko dituzte, Correosekin eta Bidegirekin egindakoak.
Klima aldaketaren inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioa ere aztertuko dute.
Bi batzorde, aurretik
Plenoaren aurretik, Astigarragako bi batzorde bilduko dira: arratsaldeko 18:00etan, Tokiko Gobernuarena; eta orduerdi beranduago, 18:30etan, Bozeramaile Batzordea.