Asier Pedrosa Untzilla, Hernaniko Gazte Asanbladaren izenean
Behin baino gehiagotan azpimarratu izan dugu gure ateak zabalik ditugula gurekin batera lan egin nahi duen ororentzat, gure bidea partekatu, norberak ahal duen eran ekarpena egin mundu berri bat eraikitzearen proiektuari, eta eskerrak ematen dizkiogu, zintzoki era desberdinetan lagundu, entzun eta eztabaidatu duen orori, gazte asanbladaren norabidea elikatzea ahalbideratu duen orori.
Kurtso berri baten hasieran, aurtengo erronkak mahai-gaineratu, aztertzen hasi eta lan ezberdinei heltzeko orduan gaude. Horregatik, lanerako gonbidapen berri bat egitera gatoz, sistema kapitalistaren aurrean, elkartasunean, autogestioan eta iraultza grinean oinarritutako harreman eredu berri bat eraiki nahi duen ororentzat. Norabide horretan lan egiteko esparruak izango dira gaztetxea eta Gazte Asanblada.
Hasteko, azalpenak eman nahiean gaude, gure lanaren arrazoitze eta ezaugarritze bat egin eta kurtso honetako zehaztapenak partekatzeko, norberak nahi duen ekarpena egiteko esparruak bilatzeko asmoz. Beraz, irailaren 27an, ostirala, egingo dugun Herri Batzarrerako gonbidapena luzatzen dugu, gure berri gure ahotik izan nahi duenarentzat, zurrumurruen gainetik eta aurrez aurre, eta gaztetxera eta gazte asanbladara hurbildu nahi duenarentzat.
Horrez gain, aurtengo kurtsoko jantoki soziala ere inauguratuko dugu, gure artean beste era batera harremantzeko eta gure beharrak merkatutik at asetzeko helburuz, elkartasuna eta autogestioa praktikan jarriz eta gure arteko harremanetan sakontzeko. Gaztetxean bertan, iluntzeko 21:00etan.
Zertan gabiltzan eta gure asmoak zein diren jakin, eta gurekin harremanetan hasteko gogoz bazaudete, gaztetxeko ateak zabalik daude beti.