Udalak hirigune historikoan leihoak berritzeko dirulaguntzak eskainiko ditu eta bizilagunek eska dezakete. Dirulaguntza deialdi honen helburuak dira Hernaniko Hirigune Historikoko etxebizitzen isolamendu akustikoa hobetu eta energia kontsumoa murriztea, leiho eta ate-leihoak berrituz.
Diruz lagungarriak izan daitezkeen jarduerak Hernaniko hirigune historikoko etxebizitzetan leihoak eta ate-leihoak berritzea dira, 2018 eta 2019 urteetan burutu badira, eta udalaren lizentzia/baimena baldin badute.
Egindako inbertsioaren %25 lagunduko da gehienez eta onuradun eta etxebizitza bakoitzeko gehienez 1.000 euroko diru-laguntza emango du Udalak. Leihoen kostuez gain, instalazio lanaren kostuak ere sar daitezke.
6.000 euroko partida dago horretarako gordeta. 2019ko abenduaren 31 arte eska daiteke. Nolanahi ere, dirulaguntza eskaera haundia egongo balitz, Hernaniko Udalak aurrekontua handitu dezake, baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak onartu ahal izateko.
Laguntza hauek jaso nahi dutenek Herritarren Harrera Zerbitzuan-HHZ (udaletxearen sarreran) eskura dezakete eskaera-orria edota www.hernani.eus webgunean bertan.
2018an zazpi etxebizitzak jaso zuten dirulaguntza
2018an zazpi eskaera onartu eta 4.773,31 euro bideratu zituen Udalak leihoak eta ate leihoak aldatzeko diruz laguntzera. Etxebizitzen jabe horiei egindako gastuaren %25eko dirulaguntza eman zitzaien. 2017an, 1.000 euroko dirulaguntza eman zen.