«Artea hirietatik deszentralizatzeko modu bat da Alkizako egonaldia»

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 21a, 02:00

Bi aste egingo ditu bihar Na­go­re Legarreta argazkilari hernaniarrak Alkizan. Bertako Sor­me­naren Kabia Artisten­tzako Ego­naldirako deialdian parte-hartu, eta bere proiektua izan zen aukeratuetako bat. Ibaia ez da toki bat proiektuari jarraipena eman dio, oraingo honetan, «Hernio inguruan», izan ere, «ibaia ez da hemen gakoa, baina natura bada». Proiektu­a­ren nondik-norakoak azaldu dizkio Kronikari.


Nola eraman duzu Ibaia ez da toki bat proiektua Alkizara?

Ibaia ez da toki bat proiektuaren ideia zen naturak gu nola ikusten gaituen. Urumean zehar egin nuen bidai bai txalupa batean beste sortzaile batzuekin, eta konturatu nintzen ez dela berdina lurra ikustea ibaitik, edo ibaitik lurra, perspektiba aldatzen dela. 

Alkizako deialdia ikusi nuenean, ikusten nuen naturaren konponentea oso inportantea zela. Deialdiaren ideia oinarri hartuta, Ibaia ez da toki bat proiektua eraman dut deialdi honetara. Ibaia hemen ez da hain garrantzitsua, geografikoki dauden zenbait elementugatik ibaia baino inportanteagoa da Hernio ingurua. Orduan, ibaia ez da hemen klabea, baina natura bada klabea. Dena den, azkenean planteamendua bera da.


Nola ari zara gauzatzen?

Proiektuak bi alde dauzka. Bata, naturari begiak jartzea: nola ikusten duen harri batek, abere batek, landare batek? eta horrekin jokatzea. Eta bestetik, ontziekin argazki kamarak egiteko tailer bat gauzatzen ari naiz orain, jendeari erakusten diot argazkiak ateratzeko teknikarik primitiboena. Tailer horretan jendea gonbidatu dut aukeratzera Alkiza inguruko natur-gune bat eta argazkia horri ateratzera; gero, haien aho­tsarekin grabatuko diet azal­pena, zergatik aukeratu duten toki hori. 

Hala, bi aldeak lotuko ditut: naturak nola ikusten duen eta jendeak natura nola ikusten duen, hau da, jendeari nola azaleratzen zaizkion natura-inguruarekin dauzkan lotura emozionalak. 


Herritarrei ere eman diezu aukera parte hartzeko?

Niri gustatzen zaizkit bi alde horiek; argazkiak egitea gustatzen zait, baina jendearekin sortzea ere, ekimen kolektiboak egitea eta horiek dinamiza­tzea. Esango nuke dena proiektu bat dela, baina proiektu hori ez dagoela nire argazkien baitan bakarrik, hemengo jendea ere sartu nahi nuen.


Bi aste hauek pasata, zein jarraipen izango du lanak?

Egonaldia bi astekoa izan arren, niri ez zait gustatzen azaletik la­na egitea, gustatzen zait ezagutzea, jakitea, jendearekin egotea... Orduan, hau izan da ja­sotze-fase bat. Aur­kez­pena abendurako dauka aurreikusita Udalak, eta ordura arte daukat egin dudana ikusi eta horri guztiari forma emateko. Orain­dik ezin dut esan %100 zer aterako den. Aur­kezpenak izango du erakusketa-zati bat, eta bideo emanaldi bat.


Halako ekimenek zer ematen diote herriari? Eta sortzaileari?

Nire ustez sustatu beharko lir­a­teke herri guztietan; artea hiri­etatik deszentralizatzeko modu bat da egonaldi hau. Gainera, beka ho­nen berezitasuna da 300 biztanleko herri bat dela, eta erakundeetatik lan haundia egiten da hemen inguruan da­goen aberastasuna balioan jar­tzeko. Eta sortzaileentzat ere kristoren aukera da gure pro­iektuak martxan jartzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!