Aurten, sei taldek osatzen dute Hernaniko Boleiboleko Kluba, aurreko urtearekin alderatuz, bikoiztu egin da zifra.
Talde batzuk, hasi dira jadanik aurre denboraldiarekin, haien artean, senior neskak eta senior mutilak.
Udara ostean kostata hartzen da denboraldi berriko martxa, eta «nabaria da udan geldirik egon direla, orain entrenamendu basikoak egiten ari gara, forma hartzen nolabait». Lan gogorra dago aurretik, baina hala ere, «jendea gogotsu dago». Kadeteak ere, hasiak dira aurre denboraldian, eta Lizarazuk aipatu du, oso itxura oneko taldea osatu dutela.
Mutil taldea, berriro boleibolean
Zortzi urteotan, ez da mutil talderik egon Hernaniko boleibol taldean, eta aurten, berriro ere lekukoa hartu dute, sarearen beste aldean dagoen taldeari irabazteko asmoz. Orain sortu den talde honek, esperientzia dauka, «bere garaian, gazteak zirenean boleibolean ibili ziren».
Lizarazu entrenatzailea, Donostiako Bera-Bera taldetik etorri da Hernanira, herriko taldeei «bultzadatxo» bat eman behar zaiela azalduz: «herriari esku bat botatzera etorri naiz». Bera-Berako bigarren taldeko zenbait kidek ere, hona etortzea erabaki dute, Hernaniko taldearekin bat eginez.
Aspaldiko kontuak
Duela urte batzuk, Hernaniko boleibolean 11 talde egon izan dira, eta mutilen taldeak, gehienetan Euskal Liga irabazten zuen. «Egon dira oso jokalari onak, Esther Lopez adibidez, Espainian egon den jokalari onenetakoa, Europan errekonozimendu asko daukana, eta Hernanin hasi zen».
Gaur egun, egoera ez da berdina, «beste kirolek protagonismo handiagoa izan dute, hedabideek garrantzi gehiago eman diete», eta boleibolak jasotzen dituen diru laguntzak mugatu egiten du kirol hau, «diru laguntza gutxirekin, proiektu bat aurrera eramatea, oso zaila da».
Egungo gazteek, kirolean konpromezu gutxiago daukatela adierazi du Lizarazuk; hala ere, aurtengoa zoriontzeko modukoa da; 3 talde izatetik 6 taldera igaro baitira. «Entrenatzaileon maila ere hobetu egin da, aurten 7 titulatu gaude, aurreko urtean 2 besterik ez».
Taldeen maila
Aurten, «maila altuena duen taldea mutilena izango da», Euskal Ligan jokatuko baitu. Gainerako taldeak, Gipuzkoako txapelketetan izango dira.
Mutilen lehenengo aurkaria, Bera-Bera talde donostiarra izango da, «talde potentea». Aurreko urtean jaitsi zen mailaz; beraz, «aurkari gogorrenetariko bat izango da». Hala ere, Lizarazu entrenatzaileak argi utzi du, askotan hobe izaten dela, gogorrenen aurka hasi eta, ondoren, pixkanaka hobetzen joatea.
Azkenean, helburua Gabonak arte ikastea da, eta «asko entrenatzea». Gabonetatik aurrera, ligako bigarren bueltan hobeto ibiliko direla aipatu du Lizarazuk: «mutilen taldea klasifikazioaren erdialdean ibiltzeko gai direla uste dut».
Denboraldiko arerio gogorrak
Infantiletan, Donostiako taldea da aurkari gogorrena, hala ere, azken urteetan Hernaniko neskak izan dira Liga irabazi dutenak, «aurten ere esperantza hori daukagu».
Kadeteak, aurreko urtean, bigarrenak gelditu ziren klasifikazioan, eta aurtengo helburua, «lehenengo postua lortzea da».
Bigarren urteko kadeteekin helburua ezberdina da, «maila ona hartzea nahi genuke», gero Euskal Herritik kanpo jolasteko maila izateko. Hala ere, Lizarazuk adierazi du, hori beraiek lortu beharko dutela «entrenatzen». Liga irabaziz, kanpora joateko aukera suertatuko zaie neskei, eta «kanpoan asko ikasten da».
Nesken senior taldeari dagokionez, ez direla gaizki ibiliko nabarmendu du entrenatzaileak; hala ere, «beste taldeen maila ikusteko dago».
Helburuak eta helburuak
Nahiz eta talde bakoitzak helburu zehatzak eduki, helburu orokor eta garrantzitsuena ondo pasatzea da, «eta geroz eta afizio gehiago lortzea». Aurten 6 talde izatera heldu dira, aurreko urteko talde kopuruaren bikoitza. «Hurrengo urtean 9 talde izatea nahiko genuke». Horrez gain, mutil talde gehiago izatea ere da Hernaniko Boleibol Klubeko helburuetako bat. Eta horrez gain, «boleiboleko indarra handitzea herrian, eta nola ez, jendeak boleibolarekin gozatzea ere bai», nabarmendu du Lizarazuk.
Hilaren 28an, Euskadiko Kopa
Datorren larunbatean, Euskadiko Kopa antolatu dute, Hernanin. Lizarazuk gaineratu du, egun osoan zehar egongo direla partiduak pistetan. Goizeko 10:00etatik gaueko 20:00etara «etengabe partiduak jolastuko dira». Euskadiko jokalari mordoa ikusteko aukera dago, datorren larunbatean, beraz Hernaniko Boleibol taldea animatzeko dei egiten dute. «Oso giro polita egongo da eta jendea ongi etorria izango da».