Dagoeneko jokatu dituzte jardunaldiko partidu gehienak, Urumea bailarako pelotariek, Gipuzkoako Txapelketan. Palaz dagoeneko jokatu dituzte denak, eta beraz, ez dute partidurik izango, gaur eta bihar.
Eskuzkoak izango dira, asteburuan jokatuko dituzten bost partiduak; horietako lau, etxean izango dituzte.
Goizeko 11:00etan hasiko da esku pelota jaialdia gaur, Astigarragako Txomiñene frontoian. Kadeteen bigarren mailakoa izango da aurreneko partidua, eta Intza taldeko lasartearrak izango dituzte aurrean, Aner Urdangarinek eta Asier Saralegik. Eta ondoren, jubenilen lehenengo mailakoek jokatuko dute, Ekain eta Eñaut Lizeaga anaiek, Aretxabaletaren kontra.
Hernanin, berriz, arratsaldeko 16:00etan hasiko da jaialdia, kiroldegiko frontoian; eta beste bi partidu jokatuko dituzte. Aurrena, kadeteen hirugarren mailakoa jokatuko dute Unax Arabaolazak eta Unax Manterolak, Getariako Gure Txeru taldearen kontra. Eta segidan, kadeteen bigarren mailakoa izango da: Julen Deskargak eta Oier Alegriak jokatuko dute, Añorgako bigarren taldearen kontra.
Ordu berean jokatuko dute Xabier Apaolazak eta Mikel Lasa hernaniarrek ere, gaur; baina Alegian ariko dira haiek. Intxurre taldea izango dute aurrean, jubenilen lehenengo mailan, 16:00etan hasita.