Ez dira betiko garai onenak, merkataritza txikiarentzat; eta egoera zailari aurre egiteko borrokan ari dira, Urumea bailaran ere. Horren adibide da, atzo Hernanin eta Astigarragan ospatu zuten merkataritza txikiaren aldeko festa, Beterri-Buruntza eskualdeko gainerako udalerriekin bat eginez.
Herrien bizigarri direla erakutsi nahi dute; komertziorik gabe, herriak hilda egongo liratekeela. Horretarako, esaterako, atera zituzten komertzioak kalera Hernanin, goiz eta arratsalde; begibistan jartzeko, zer nolako aukera zabala dagoen herrian, 110 komertziok baino gehiagok Kaxkoa hartuz. Eta horretarako, bizigarri izateko, egin zituzten tailer eta jolasak, moda desfilea, kontzertuak, kale ikuskizuna...
Festa eguna izan zen atzokoa, baina festari kezka mezu bat txertatu diote, komertzioek zein Udalek: herritarren aukera, herriko komertzioak izatea nahi eta behar dutela.
Biziberritzeko saiakerak, aurrera egiteko
«Egoera kezkagarrian» daudela eta, biziberritzeko hainbat saiakera egin dituzte komertzio txikiek. Atzo egin zuten festa, joan den urtean ere egin zuten eskualde osoan; eta sentsibilizazio kanpaina berezi bat orain bi urte, Hernanin: «hiru egunez, komertzioetako erakusleihoak beltz-beltz izan genituen; eta hurrengo egunetan, berriz, kolorea, argia eta alaitasuna eman genien. Erakutsi nahi izan genuen, zein desberdina den herri bat komertzioa duena, eta ez duena; bizirik dagoena, eta hilik dagoena», adierazi du Mertxe Jimenezek, Hernaniko Berriak merkatarien eta ostalarien elkarteko kideak.
Hernanin bertan, beste ate bat zabaldu dute orain. Udalak eskatuta, herriko merkataritzaren diagnosia egin du Ikertaldek, eta Merkataritza Biziberritzeko Plana osatu du.
Beste saiakera bat izango da, herritarren erosketa ohiturak aldatzeko, azkeneko urteotan merkatal zentro haundietara eta internetera migratzen ari direnak, gero eta gehiago. Horretan daukate erronka nagusia orain, hainbeste urte daramazkiten dendek. Atzo bertan, Hernaniko Telemar dendari egin zioten omenaldia, bere 50garren urteurrenean. Joan den urtean Portalondo estankoa omendu zuten bezela, 100 urte bete zituelako.
Atzokoa izan zen, aurrera egiteko beste pauso bat: «egun batekin ez dira aldatzen ohiturak; baina elkartu garela ikusita, aurrera egingo dugu, nolako herriak nahi ditugu gogoeta eginda», dio Xabier Urdangarin alkate astigartarrak.