'Euskal PMP' ekimenak publizitate programatikoa euskaraz egitea ahalbidetuko du

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 18a, 02:00

Eusko Jaurlaritzak, EiTBk eta TOKIKOMek ?Euskal Private Market Place? produktu berria aurkeztu diete gaur euskal medioetan iragarkiak jartzen dituzten publizitate-agentzia eta iragarleei. Euskal PMP publizitate espazioak erosteko ?azoka? moduko bat da, euskarazko edukietan espezializatua. Market Place horretan nahi duten euskarazko medio guztiek hartu ahal izango dute parte. Azpiegitura berri honek orain arte itxita zeuden ateak irekitzen ditu euskarazko komunikabide digitaletan publizitatea askoz ere modu erraz eta eraginkorragoan egin ahal izateko.

Ekimena Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailetik, EiTBtik eta TOKIKOMetik abiatu da, Smart AdServer enpresaren laguntza teknikoarekin, eta zabalik dago euskarazko komunikabideek zein era guztietako agentzia eta iragarleek parte hartzeko.

Jardunaldia Euskal PMP  ekimena azaldu eta testuinguru egokian kokatzeko baliatu da.  Alex Rayon Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak publizitate programatikoa zer den azaldu du. Iraitz Elgezabal TOKIKOM-eko zuzendari komertziala euskarazko hedabide digitalen egungo egoeraz mintzatu da eta Juan Manuel Alvarez Smart AdServerreko Country Managerrak PMPk nola funtzionatzen duen eta dituen abantaila eta ezaugarriei buruz aritu da. Halaber, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskal PMP proiektuaren helburuak azaldu ditu eta Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusia proiektuaren jatorriaz eta garrantziaz aritu da. 


Publizitate pragmatikoa

Internetek iraultza handia ekarri du kazetaritzarekin lotutako alderdi guztietara, eta publizitatea ez da aldaketa horretatik libratu. Publizitate klasikoan, iragarleek hedabidearen arabera erosten zituzten iragarkiak jartzeko espazioak: orri oso bat halako aldizkarian, 20 segundo halako irratian, 20 segundo halako telebistan?
Medio digitalen etorrerarekin logika hori erabat aldatu da. Internetek ahalbidetzen duen erabiltzaileen jarraipenari esker, iragarleek erabiltzaile tipologiaren arabera erosten dituzte espazioak, eta ez hedabidearen arabera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!