Gaitz larria edo onkologikoa duten umeentzako eta ikerkuntzarako laguntza elkartea da Super H elkartea, eta larunbat honetan Super H festa antolatu du Urnietan, elkartea laguntzeko dirua biltzeko.
Abuztuan, Hernaniko Portuko jaietan egin zen sagardo dastaketa solidarioan ere, elkarterako bildu zen dirua.
Larunbat honetan, goiz eta arratsalde izango da festa giroa, eta hernaniar guztiei ere luzatu diete gonbidapena, gerturatzeko.
«Primeran pasatzeko eguna»
Urnietako plazan jarri dute hitzordua, larunbatean goizeko 11:30etan, egitarauari hasiera emateko. Festaren bosgarren edizio honetan, SuperH marrazki lehiaketaren aurreneko edizioarekin hasiko dira.
Arratsaldeko 16:30etan, berriz, Urnietako mendi lasterketa txikia egingo da, eta hortik aurrera, apar-festa, pailazoak edota jolasak izango dira, denentzat. Horrela, «primeran pasatzeko eguna» izango dela azpimarratu dute.