Asteburu ederra izan da pasa dena, Maider Senper Tijero mendi korrikalari hernaniarrarentzat. Canfranc-Canfranc lasterketa ezaguneko proba laburrean hartu zuen parte, eta garaipen ederra lortu zuen.
16 kilometro eta 1.600 metro positiboko proba gogorra zen, laburrena izanda ere; eta 2:41:05 denboran osatu zuen ibilbidea, hernaniarrak. Ia ordu laurdeneko aldea atera zion helmugan, Lucia Fonseca bigarrenari (2:55:10), eta hogei minututik gora hirugarrenari, Maialen Garciarenari (3:02:35).
Gainera, 253 partehartzaileren artean, 27garren iritsi zen helmugara, Axeriak Mendi Lasterketa Taldeko korrikalaria.
2:41:05 denboran osatu zuen proba gogorra Senperrek, bigarrenak baino ia ordu laurden azkarrago.
Beste hiru distantzia ere bazituen Canfranc-Canfranc mendi lasterketak, eta horietako batean, maratoi antzeko distantzian, Senperren taldekide bat nagusitu zen: Sarah Ugarte Miranda donostiarrak irabazi zuen 45 kilometro eta 3.910 metro positiboko proba.
Bere kasuan, oraindik ere zabalagoa izan zen, bigarrenarekin lortutako tartea. 7:15:51 denboran osatu zuen proba Ugartek, eta ordu eta erdira iritsi zen helmugara bigarren sailkatua, Laura Pozo (8:46:18). Lea Pouyau izan zen hirugarren (9:14:29). 284 partehartzaileren artean, 20garren izan zen Axeriak taldekoa.