Datozen asteetan hartuko duzu erretiroa, baina noiz ireki zenuen Masusta Ekodenda? Eta nolatan?
1982ko maiatzean ireki nuen. Ni beste sektore batetik netorren, idazkaria nintzen enpresa batean. 80ko krisi ekonomiko gogorrak langabezian utzi ninduen. Ordurako, erabat murgilduta nengoen elikagai integral eta naturaletan, eta baita medizina alternatiboetan ere, kontsumitzaile gisa. Ekologia mundutik ere banator, nire osasuna zein planetarena nire ardura bazirela pentsatzen bainuen.
Gauzak horrela, familiaren garaje hau egokitu nuen denda irekitzeko. Urteak pasa ahala, zenbait obra egin ditugu, dendaren espazioa aprobetxatuz, elikaduraz harago osasunarekin lotuta dauden aktibitateak eskaintzeko: kontsultak, masajea, yoga, soinketa kontzientea, meditazioa...
«Merkatua hainbeste zabaldu da, gu pixka bat atzean geratu garela!»
1982an halako denda askorik ez zen izango?
Dendaren ideia okurritu zitzaidanean ez zegoen dendarik belar-denda gisa.
Orain badirudi halako produktuen kontsumoa asko igo dela. Ordutik, zer aldatu da?
Hasieran ez zegoen beste biderik halako produktuak lortzeko, belar-dendetan, besterik ez. Gero, behin jendea informatuta, belar dendei esker zati batean, hasi da zabaltzen supermerkatu eta saltoki haundietan, publiko haundi xamarra sortu denean. Guri horrek kalte haundia egin digu.
Horrez gain, erosketa ohiturak ere aldatu dira: dago interneta; farmaziak, garai batean oso kontra zeuden arren; kontsumo-taldeak, garai batean ez zeudenak? Eta Hernanin eta inguruko herrietan ere, denda gehiago zabaldu dira: Astigarragan, Urnietan, Donostian...
Merkatua hainbeste zabaldu da, gu pixka bat atzean geratu garela! Marka haundien saltokiekin ezin dugu lehiatu; haiek daukate potentzial bat prezioak jaisteko edo eskaintzak egiteko guk ez daukaguna.
Sentsazio gazi-gozoarekin utziko duzu denda, orduan?
Hori da errealitatea eta onartu beharra daukat, ez daukat beste erremediorik! Baina ikusi dut nire zikloa dagoeneko bukatu dela.
Lehen esan bezala, orain gehiago kontsumitzen dira halako produktuak. Eboluziorik izan al da?
Bai, ikusi dut eboluzio hori. Jende gehiago hasi da kontzientzia hartzen osasunarekin, eta gaitzak sendatzeko beste modu batzuekin, terapia alternatibo asko baitaude. Eta gero, baita ere, planetarekin badago kezka bat, planetaren osasunarekin; kontzienteagoak gara gure planeta zaintzearekin. Azkenean, biak lotuta daude: planetaren osasuna eta gurea.
«Jendearen esker ona izango dut gogoan [...] askok esan didate: ?eta orain, zer egingo dugu guk, zu gabe??».
Eta jendeak nola hartu du zure erabakia? Batzuek izango dute horren berri, ezta?
Bai, udara aurreko ikastaro bukaeran agurtu nituen yoga, meditazio eta abarreko ikasleak, eta penaz hartu zuten. Ohiturak ere sortzen dira; leku batera joatea eta ezagunak topatzea, baita funtzionamendua ezagutzea ere. Eta noski, etortzen baziren zen, gustura zeudelako! Orduan, ohitura horiek aldatzea, kosta egiten da pixka bat. Bestalde, esan didate gozatzeko eta onena opa didatela.
Gozatzeko esan dizute? baina zein da zure asmoa, hemendik aurrera?
Dendaren likidazioarekin buru-belarri nabil, eta ez dut denbora askorik izan, beraz ez dut horretan asko pentsatu. Dena den, hainbat zaletasuni heltzea gustatuko litzaidake: natura asko gustatzen zait, mugimenduarekin lotura duten ekintzak ere bai (yoga, ibiltzea, igeri egitea?), irakurtzea?. Gauza asko gustatzen zaizkit, gehiegi; beste zazpi bizitza beharko ditut gustatzen zaizkidan gauza guztiak egiteko! Eta irekita nago, baita ere, orain buruan ez daukadan horri eta etortzen denari kasu egiteko.
Urte hauetatik guztietatik zer eramango duzu gogoan?
Batez ere jendearen esker ona. Asmatu dudanean bere arazoa zein den, eta horri soluzio bat ematen, esker onez etorri izan zaizkit askotan. Horietako askok esan didate: ?eta orain, zer egingo dugu guk, zu gabe??. Halako bizipen asko ditut. Eskerrak eman nahi dizkiet bezero direnei eta izan diren guztiei, haiei esker iritsi naizelako honaino.
Eta nik ere asko ikasi dut. Hasteko, nire buruaz eta horrek bultzatu nau gehiago ikastea soluzioak emateko.