Aurtengoan festetako egitarautik kanpo egitea erabaki dute antolatzaileek, «guztia ondo antolatzeko egokiagoa» iruditu zitzaielako iraila. Beraz, Santio Igoera Herrikoia hilaren 21ean egingo da. Dagoeneko bizikletak prestatzen hasi daiteke erronkari aurre egiteko prest dagoen guztia. Baita hankak ere. Izan ere, ibilbidea motza da, 298 metroko garaiera baitauka Santiomendik, baina aldapak, kozkorrak; %16 eta %22 arteko desnibelak izango dira.
Adin guztietan, aukera
Dagoeneko izena emateko epea ireki dute. Helduen kasuan, 5 euro ordaindu beharko dira, eta gainontzekoek, ezer ez. Kiroldegian eta Gerizpe Okindegian eman dezakete dagoeneko izena, edo, bestela, irailaren 21ean bertan, Joseba Barandiaran plazan.
Adin desberdinetako bizikleta zaleek hartu ahal izango dute parte. Arratsaldeko 16:00etan haur txikienen, alebinen eta infantilen txanda izango da. Txikienak Joseba Barandiaran plaza inguruan ibiliko dira. Alebinek eta infantilek, berriz, LH 5 eta 6 eta DBH 1 eta 2 mailetakoek, Joseba Barandiaran plazatik atera eta Ipintza Sagardotegiraino igo beharko dute.
Arratsaldeko 18:00etan, berriz, helduek ekingo diote pedalak astintzeari. Hauek ere Joseba Barandiaran plazatik aterako dira, eta herrian bueltaxka eginda, Santiomendin gora igoko dira. Helmuga, ermitan izango dute.
Etzion/Etziok erronka, taldeka
Bakarka ez ezik, taldeka ere parte hartzeko aukera izango da, Etzion/Etziok erronka ere martxan baitago, talde edota klubak mugiarazteko.
Hauen kasuan, talde bakoitzean gutxienez 3 eta gehienez 6 partaide onartuko dira, beti ere, talde mixtoak badira (sexu ezberdineko taldekide bat beharko da, gutxienez). Sailkapenean, hirugarrenaren denborak balioko du, eta talde irabazleak 6 lagunentzako bazkari edo afaria irabaziko du, Ipintza sagardotegian.
Bakarka, berriz, sari berezia ere izango da; Ipintza paretik pasatzen diren aurreneko gizon eta emakumeak jasoko dute.