Sei lagunetako bat ezkonduko dela-eta, haren omenez festa bat egiteko elkartu den koadrila da Erlauntza antzezlaneko protagonista, eta Ereñotzun izango dira, irailaren 13an.
Gaueko 22:00etan hasita, Ereñotzuko frontoian antzeztuko dute Kepa Errastik sortutako Erlauntza obra, Vito Rogado, Getari Etxegarai, Leire Ruiz, Sara Cozar, Aiztiber Garmendia eta Naiara Arnedo aktoreek, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean.
Sarrerak salgai, hiru puntutan
Asteazkenean jarri zituzten sarrerak salgai, eta oraindik ere geratzen dira. 10 euroan erosi daitezke Ereñotzuko Irrintzi tabernan edota Auzo Udalean, eta Hernaniko Biteri kultur etxean.
Umorea, baina mikatza
Obraren oinarria umorea izango da, baina ez du mikatzetik faltako. Txikitako koadrila festa eroa egiteko asmotan elkartuko da, baina azalera aterako dira trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, drogak... eta erlauntza bat. «Esaten da erleak direla animalien erreinuan hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira...», laburtzen du sinopsiak.
Barre bezainbeste negar egiteko aukera ematen du antzezlanak.