Argia aldizkariak, Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoak gidatzen duen Bizi Baratzea proiektuari lotuta, jardunaldi bereziak antolatu ditu gaurko, 11:00etan hasita, Galarretako Orona Ideo eraikinean.
Batetik, hitzaldiak izango dira, Baratzetik platerera sortzen dugun paisaia gai hartuta. Bestetik, lore eta landareen inguruko kontsulta egiteko aukera izango da, aurrez aurre, Jakoba Errekondo eta Iñigo Segurolarekin.?Eta bukatzeko, bertako eta garaiko produktu ekologikoekin osatutako mokadua dastatu ahal izango da.
Zuzeneko merkataritza eta ekoizpen ekologikoa
Hitzaldiak lau izango dira. Batetik, Iñigo Marquet, Orona Fundazioaren Garapen Zuzendariak, eta Fede Pacha, txef maisuak, Orona Ideon dagoen Diametro 200 jatetxeaz hitz egingo dute. Bestetik, Iñigo Segurola, paisaiaren arkitektoak Lur Garden egitasmoa azalduko du. Bestalde, Jakoba Errekondo, paisajista eta agronomoak Bizi Baratzea proiektua bera azalduko du. Eta hauen denen tartean, Hernaniko Karabeleko Ekonekazaritza Etxaldearen berri emango du Oier Iurramendi hernaniarrak.
Orona eta Diametero 200 proiektuarekin harreman estua dutela argitu du Iurramendik, «zuzeneko merkataritzarekiko eta ekoizpen ekologikoarekiko kontzientzia haundia» dutelako. «Gure erosle haundienetakoak dira. Diametro 200 eta gu ia batera hasi ginen. Bertako jangelan apustua egin zuten bertako produktua eta ekologikoa sartzeko, eta bost urtetan frogatu dugu posible eta jasangarria dela, eta inpaktu positiboa duela sektorean. Guri merkatua irekitzen lagundu digu. Pentsa, kasu partikular batek horrelako eragina badu, zenbaterainokoa izan daitekeen, eskola, jangela, jatetxe eta sektore guztiak batuko balira. Gu hektarea batekin hasi ginen, eta bost urtetan, hiru hektarea eta erdi lantzen ditugu, 20 jatetxe, 200 saski hornitzeko».
Sektorearen kontzientziazioa, hurrengo urratsa
Hiru lan-lerro dauzkate Karabelekon; «bertako denda txikia, ostalaritzari zuzendua, eta kontsumo taldeena». Azken hauei garaiko barazkiekin osatutako saskia prestatzen zaie astero, hileroko kuotaren truke. «Donostian eta Hernanin banatzen ditugu, eta orain Oronako langileekin hasiko gara. Jende partikularraren kontzientziazioa haunditu da, baina sektoreak falta dira; industria, ostalari eta merkatariak. Jendeak kontsumitu nahi du bertakoa».