Hernaniko Eskubaloi talde desberdinek hasi dituzte haste honetan entrenamenduak eta aurredenboraldiko partiduak ere jokatuko dituzte kadeteek gaur eta bihar. Gaur kiroldegian, 10:00etatik 13:30etara kadete mutilen bi taldeak ariko dira triangular batean Bidasoarekin. Nesken taldeak hartuko du erreleboa bihar, 11:00etan, Leizaranen aurkako partiduarekin.
Hilabeteko asteburu guztietan jokatuko dituzte partiduak talde desberdinek eta horien berri emango da pixkanaka.
Batzar informatiboa, asteazkenean, Biterin
Hastera doan denboraldiari dagozkion kontuez hitzegiteko datorren asteazkenean, irailaren 11n, 19:30etan, Biterin gurasoei zuzendutako batzar informatiboa antolatu da.
Eskubaloi kluba hazten doa eta gero eta talde gehiago daude. Hala ere, deia egiten zaie herriko gazteei kiroldegira hurbildu daitezen eskubaloia probatzera.
Mundarro ere indartzen
Hernanin bakarrik ez, Astigarragan ere eskubaloia indartzen ari da. Denboraldi berriari begira, «hamaika erronka» badituztela azaldu dute Mundarrotik; «lehenengoetarikoa, taldeak osatzea». Hain zuzen, eskubaloi sekzioan deialdia zabaldu dute, hainbat talde osatzeko. Horrela, jakinarazi dute jokalariak behar dituztela jubeniletan, 2002 eta 2003 urteko neskak, eta infantiletan, 2006 eta 2007ko neskak. Animatzeko dei egin dute, eta parte hartzeko edo informaziorako kiroldegira joateko.