Bi Endiken artean jokatuko da gaur erremonteko Buruz Buruko Kutxabank Torneoko finalerdia. Batetik, gorriz, Endika Urrutia ariko da eta bestetik, urdinez, Endika Barrenetxea hernaniarrak jokatuko du. Irabazlearentzako sari potoloa dago; urteko finalik jendetsu eta garrantzitsuenean parte hartzea. Bertan Urriza dago zain eta buruz buruko finalean aritzeko nahita nahiezkoa da gaur irabaztea.
Hortan saiatuko da Barrenetxea IVgarrena eta bide batez bere ibilbide profesionaleko bigarren final haundia jokatuko luke, 2016ko balentria berdinduz. Pasa den urtean ligaxkan geratu zen kanporatua eta orain bi urte finalerdian Utergaren kontra galdu zuen.
Aurten ere finalerako bidean dago, baina ez da erraza izango azken partidura iristea aurkari gogorra baitu aurrean, Endika Urrutia. Saldiaseko atzelariak ez du inoiz finalik jokatu eta pasa den urtean iritsi zen lehendabiziko aldiz finalerdira. «Buruz buruko finalera iristea bakarrik geratzen zait, beste final denak jokatu ditut» dio saldiastarrak.
Partidu parekatuak baina ia beti Endikaren alde
Bien arteko finalerdia parekatua espero da, bata bestearen aurka aritzen diren guztietan bezala. Bi atzelari onenak dira, gaur egun, eta bien arteko markagailuak ikusi besterik ez dago jakiteko parekotasuna zein haundia den. Hori bai, jokatu dituzten partidu ia denak Endikak irabazi ditu; zazpitik sei, hain zuzen.
Aurten bertan ligaxkan bata bestearen aurka neurtu ziren eta Endikak 30-28 irabazi zion Barrenetxeari. Pasa den urteko ligaxkan ere Endikak irabazi zuen 30-26.
2017 eta 2016an ez zuten elkarren aurka lehiatu buruz buru, ez Kutxabank Torneoan ez eta urtarrileko Masterrean. 2015 urtera joan behar da bien arteko lehiak ikusteko eta urte horretan hiru bider neurtu ziren. Kutxabank Torneoan Barrenetxeak bien arteko partiduetan lortu duen garaipen bakarra eskuratu zuen 30-28. Maiatzean jaialdiko partidu bat jokatu zuten, txapelketetatik kanpora, eta hemen ere Endikak 30-28ko emaitzarekin gailendu zen eta Masterrean garaipen errazagoa lortu zuen nafarrak, 30-21.
2014an eta 2013an Kutxabank Torneoan jokatu zuten elkarren aurka eta 30-29 eta 30-16 izan ziren emaitzak Endika Urrutiaren alde. Ikusi daitekeen bezala, hasierako bi partidu kenduta, bien artekoak oso estuak izan dira, nahiz eta ia beti Endikaren alde izan.
Ostegunean material aukeraketa egin zen
Aurrekariak ikusita Endika dela faborito esan daiteke, baina Barrenetxeak badaki zer den finalerdia irabazi eta finalera iristea, Endikak ez ordea.
Biak ostegunean aukeratu zituzten pelotak. Hernaniarrak material biziagoa banatu zuen xextotik eta Saldiasekoak motelagoak. «Erraz mugitzen direnak, gustokoak hirurak» zioen Barrenetxeak.