Euskara hobetu, aukera baliatu

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 7a, 02:00

[Babestutako edukia]

Ikasturte berriaren hasiera izan ohi da promesak egiteko garaia. Hizkuntzak ikasi, kirola egin, antzerkian edo dan­tzan hasi... Horietan denetan, bada apustu segurua den hautua: norberaren hizkuntza propioa hobetzea. Buruntzal­dea eskualdeko euskaltegiek eskaintza zabala dute 2019-2020 ikasturterako, ordutegi eta maila guztiekin. Bada, gainera, beste abantaila bat. Es­kualdeko udalen helburua ma­­tri­kulazioak bultzatzea da, eta, horretarako, diru lagun­tza sortak eskaintzen dituzte. Laguntza horiek HABEk ematen duenarekin bateragarriak dira. Horrenbestez, Buruntzal­de­ko herritarrei ia doan, eta kasu askotan, doan  atera da­kieke ikastaroa; apustu segurua da euskara ikastea. 

Ikasturtea hastera doa. Iaz, 2017-2018koan, 924 ikasle aritu ziren euskaraz ikasten Burun­tzal­deko euskaltegiren batean. Gehienak, emakumeak: %67,9. Eskualdeko Euskara Zerbitzu­en helburua da ikasle gehiago izatea; 1.000 ikasleetara iristea dute buruan. 

Oraindik 2018-2019 ikasturteko datuak itxi gabe dituzte, eta, beraz, irail amaiera arte ezingo dira matrikulazioen behin betiko kopuruak jakin. Edo­nola ere, orain arte bildutakoei erreparatuta, baikor agertu dira eskualdeko euskara teknikariak. Udarako ikastaroen datuen faltan, matrikulazio gutxi batzuk behar dira muga hori gainditzeko. 

Zortzi euskaltegi daude guz­tira eskualdean. Bina La­sarte-Orian eta Hernanin, eta bana Urnietan, Hernanin, Andoainen eta Usurbilen. 

«Ez zitzaidan bidezkoa iruditzen nire hizkun­tza menperatu gabe beste bat ikasten hastea» 

Eskualde osoko eskaintza aintzat hartuta, non aukeratua badago. Astelehenetik os­tiralera, zortzi euskaltegi ho­rietan bakoitzaren beharren araberako ikastaroak ematen dituzte. Hasteko, maila aldetik; A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 egiteko aukera dago. Baita ordutegi aldetik ere; eskolak goizetan, eguerditan eta arratsaldetan, iluntzera arte daude. Nork bere kabuz autoikaskun­tzan ikasteko abagunea ere badu. Tutoretzak, programazio pertsonalizatuak eta min­tza-saioak eskaintzen ditu ikastaro mota horrek. 

Eskolez gain, beste alderdi praktikoagoa ere eskaintzen dute euskaltegiek: Mintzala­gu­na egitasmoaren bidez, as­tean behin 5-6 pertsonako taldeekin biltzeko aukera dago, euskaraz aritzeko. Beste ekin­tza osagarriak ere eskaintzen dituzte euskaltegiek, hala nola, irteerak, txangoak... 


Udalen laguntza

Buruntzaldeko udalek ematen dituzte diru laguntzak euskara ikasteagatik. Halere, herri bakoitzean laguntza horiek jasotzeko baldintzak eta diruz lagundutako kopuruak desberdinak dira. Baina badira ezaugarri komun batzuk. Esa­terako, gutxieneko asistentzia bete behar da, eta erroldatuta egon behar da herrian bertan. Langabetuei are laguntza handiagoak ematen dizkiete; %100 kasu batzuetan, 500, 600 edo 664 euro arteko mugapean, aldeak baitaude herri ba­tzuetatik besteetara. 

Horrez gainera, HABE Helduen Alfabetatze eta Be­rreus­kalduntzerako Erakun­deak ere laguntzak ematen ditu. Ondokoak dira baldin­tzak: batetik, 2018ko martxoaren 23tik 2019ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian euskaltegi edo euskararen zentro homologatu batean matrikulatuta egon beharko da; bestetik, 2018-2019 ikasturtean HABEren maila bat edo baliokideren bat egiaztatu beharko da. Diru laguntza horiek egiteko eskabidea 2019ko irailetik aurrera egin daiteke. 

Hain zuzen, diru laguntzek erakarrita ematen dute izena ikasle batzuek. Askotariko arrazoiak dituzte euskara ikasteko. Batzuek lana dela-eta titulu ofizialen bat atera nahi dute. Pili Meiraren kasua da. Astean 7 ordu eta erdi ema­ten ditu, arratsaldetan. «Goizetan lan egiten dut, gero ume txikiekin nabil, baina denbora ateratzen dut. Merezi du ahaleginak».


Autoestimak gora 

Jonek, ordea, ez du titulurik behar. «Aspaldi euskara landu gabe nuen, eta konturatu naiz asko dakidala. Autoestimua asko indartu dit euskaltegiak. Ingelesa nahi nuen ikasi, baina ez zitzaidan bidezkoa iruditzen norberaren hizkun­tza menperatu gabe beste bat ikasten hastea». 


BURUNTZALDEKO UDALEN DIRU LAGUNTZAK

Andoain

-Baldintzak: Andoainen

erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.

-Diru laguntza: Matrikularen %85 guztiei; familia ugarikoak edo diru sarrera murriztuak dutenei, %100. Autoikaskuntza, %100.

664ko muga. 


Astigarraga

-Baldintzak: Astigarragan erroldatuta egotea. Gutxieneko

asistentzia: %85.

-Diru laguntza: Kasu guztietan 600 euroko muga izango du laguntzak. Matrikularen %75. Langabetuei, merkatariei eta 12 urtetik beherako haurren bat dutenei: %100.


Hernani

- Baldintzak: Hernanin

 erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.

-Diru laguntza: Matrikularen %70. Langabeei, %90. 500

euroko muga.


Lasarte-Oria

- Baldintzak: Lasarte-Orian erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85..

-Diru laguntza: Matrikularen %85.


Urnieta

-Baldintzak: Urnietan 

erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %80.

- Diru laguntza: Langabeei, %100. Besteei, %85. 500 euroko muga.


Usurbil

- Baldintzak: Erroldatuta

egotea. Gutxieneko asistentzia: %80.

- Diru laguntza: Guztiei,matrikularen %100. 600euroko muga.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!