Hainbat diru-laguntza eskatzeko epea irekita Udalean, hila bukatu arte

Kronika - Erredakzioa 2019ko ira. 7a, 02:00

Udalak jakinarazi du irekita daudela hainbat diru-laguntza deialdi, eta hauek eskatzeko epea irailaren 30ean bukatuko dela.

Besteak beste, laguntzak eskatu daitezke euskera ikasteko, aisialdiko begirale eta zu­zen­dari titulua euskeraz ateratzeko, udako unibertsitateko euskerazko eskoletarako, ga­rra­iorako laguntzak DBHko bi­ga­rren zikloko ikastetxe publikoetara eta HHI-EPA ikastetxeetara joateko, eta haur eskolarako, familia ugarien edo ma­trikulatuta bi senide dauzkatenen kasuetan.


2018-2019 ikasturteari dagozkion laguntzak

Orain eskatu daitezkeen la­gun­tza gehienak 2018-2019 ikasturteari dagozkionak dira. 

Haurreskolak partzuergoko haur-eskolaren batean matrikulatutako Astigarragako haurren familia edo legezko ordezkariei laguntza emango zaie 2018-2019 ikasturtera. DBH eta HHI-EPAko ikastetxe publikoetara egindako bidaietan ga­rraioa ordaintzeko laguntza ere, pasa den ikasturterako emango da. 

Euskera alorreko laguntzetan ere, pasa den ikasturtean edo 2019ko udan euskera ikasi edo hobetzeko ikastaroren bat egin dutenak lagunduko dira, eta 2019ko udako unibertsitateko euskerazko ikastaroak egin dituztenak. Aisialdiko begirale zuzendari titulua euskeraz atera dutenek ere jasoko dute laguntza, eskaera egiteko epea bukatu aurretik titulua eraku­tsiz gero. Azkenik, merkataritza eta enpresetan euskeraren erabilera sustatzeko ere emango dira laguntzak, baina, kasu honetan, 2019 urtean zehar egindako aldaketa eta ahaleginengatik.


Oinarriak eta informazioa, Udaleko webgunean

Laguntza hauek guztiak eska­tzeko epea irailaren 30ean bu­katuko da, eta oinarri guztiak eta eskaera orriak lortzeko www.astigarraga.eus webgunera jo daiteke. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!