Finalerako txartela lortzeko lehian ariko da Endika Barrenetxea, Buruz Buruko Txapelketan, final laurdenetako ligaxka hirugarren bukatu ondoren. Eta herenegun jakin zuen, noren kontra jokatuko duen semifinala: Endika Urrutia izango du aurrean.
Etzi izango da, larunbatarekin, arratsaldeko 16:00etan hasita Galarretan. Irabazleak, Urrizaren kontra jokatuko du finala, irailaren 14an.
Endikak asteartean ziurtatu zuen semifinalera pasea, Ansa II urnietarrari 30-22 irabazita. Saldiaseko atzelariak nahikoa zuen 24 tanto egitea, baina horrekin konformatu ez, eta garaipena lortu zuen, aldapa gora jarri zitzaion partiduan. Izan ere, 3-7 aurreratu zen urnietarra, baina hortik aurrera, gehiago izan zen nafarra, eta 9-8 aurreratu ondoren, tartea egiten hasi zen, 24-14 jartzeraino. Horrekin ziurtatua zuen pasea, eta Ansa 26-21 gerturatu zen arren, Endika gailendu zen azkenean.
Barrenetxeak eta Endikak, gaur bertan aukeratuko dute materiala, 16:00etan hasita Galarretan jokatuko diren hiru partiduen ondoren.