Elkartasun Asteburua antolatu dute gaurtik larunbatera bitartean, Ereñotzun eta Hernanin, 11/13 sumarioko auziperatuei babesa adierazteko; eta bereziki, haietako biri: Amaia Esnal urnietarrari eta Aiert Larrarte hernaniarrari.
Hain justu, beraiek hartuko dute hitza, aurreneko bi egunetan. Izan ere, hitzaldia eskainiko dute gaur, arratsaldeko 19:00etan Ereñotzuko ludotekan; eta Hernanin bihar, ordu berean Biterin. Bihar, gainera, manifestazioa izango da Hernanin, 20:00etan Plazan.
Ekintzak goizetik larunbatean, Ereñotzun
Larunbatekoa izango da, dena den, egun nagusia. Ereñotzun ekingo diote, eta goizetik hasita izango dira ekintzak. Horrela, jolasak eta kirolak prestatuko dituzte haur eta gaztetxoentzat, 11:00etan hasita, Ereñotzuko futbol zelaian. Kantujira egingo dute gero, auzoan barrena, 12:30etatik aurrera; eta elkartasun argazkia ondoren, 13:45etan Ereñotzuko plazan. Herri bazkariarekin borobilduko dute festa, eta bertsoak zein musika ere izango dira.
Baina festa ez da Ereñotzun bukatuko, Hernanin baizik. Izan ere, Kronoeskalada egingo dute, arratsaldeko 18:30etan hasita, Ibaiondo poligonotik Plazara bitarte. Gaur da izena emateko azkeneko eguna, Garin eta Tripontzi tabernetan, eta elkartasunpedalkadak@gmail.com helbide elektronikoan. 7 euro dira, baina egunean ordaindu beharko dira, 17:30etan Plazan elkartzen direnean.