Nahiz eta udara izan, lanean ibili dira azkeneko asteetan Hernaniko Kantuban gazte abesbatzako kideak. Izan ere, Zestoako Txistu Alardean parte-hartzeko gonbitea jaso zuten, eta bertan izango dira, hain zuzen, gaur arratsaldean, Jagoba Astiazaranen zuzendaritzapean.
Arratsaldeko 19:00etan hasita izango da, Zestoako kiroldegian.
Idiakaitz txistulari taldeak antolatuta, haiekin batera izango dira, gonbidatu moduan, baita ere, Alex Sardui eta Xabier Saldias, baita beste hainbat musikari ere. Zestoako Itxaropena dantza taldeak ere hartuko du parte.
Hiru urtean behin antolatzen dute Zestoako Txistu Alardea 1996. urtetik. Gaurkoan, Garikoitz Mendizabal arituko da zuzendari lanetan.