Irudikatu, ura zuen lana (egitekoen multzoa) dela eta bertan dauden harriak zuek zaretela. Galdetu zuen buruei: Non zaudete? Non daude harriak? Ur azpian zereginek itota? Bazterrean, guztien artean urari bidea egiten? Bata bestearengandik urruti? pilatuta?
Eginbeharren zurrunbiloan harrapatuta gabiltzan honetan, naturak, zurrunbilo eroaren soinua isiltzen du. Gelditzera gonbidatzen gaitu, benetan garrantzitsua dena, funtsezkoa den hori gogoratuz. Bizitzara ekartzen gaitu.
Nork ez du izan mendira joan eta denbora gelditzearen sentsaziorik? Non gauden, nola eta norantz eman nahi ditugun hurrengo urratsak pentsatu eta sentitzeko parada. Naturan dugu aliatu paregabea lan taldeetan aritzeko moduak aztertu eta hobetzeko bideak topatzeko. Non eta nola behar dute egon harriak (guk), errekak (proiektuak) bere bidea egiteko? Nola gaude, eta garrantzitsuena dena: non eta nola egon nahi dugu?
Gelditu gaitezen momentu bat, isildu soinua. Horrela bakarrik entzun ahalko dugu benetan behar duguna.