Artikutzak ateak irekita beste behin, San Agustin egunez

Kronika - Erredakzioa 2019ko abu. 28a, 02:00

San Agustin eguna da gaurkoa, Artikutzaren zaindaria, eta hori ospatzeko, ateak irekiko ditu, bai oinezkoentzat, baita kotxeentzat ere, aurretik baimenik eskatu gabe. 

Hori, gainera, egitarau borobil baten bueltan eginen dute aurten ere. 

Goizeko 11:00etan hasiko da festa, mezarekin. Bertan izango da, Egieder otxotea, gi­rotze-lanetan. Ondoren, 11:30­e­tan, bi pilota partidu jokatuko dituzte Goizuetako eta Oiartzungo pilotariek, elkarren aurka.

Arratsaldez, 17:30etan hasiko dira herri kirolak eta dan­tzaldia eginen dute gero, Ga­bezin taldearekin, 19:30etan.

Egun osoan zehar ez dira faltako eskulanak ikusi eta saltzeko postuak, ezta jan-edanak saltzen dituztenak ere. Artikutzako argazki zaharrak ikusteko aukera ere izanen da.


Donostiako Udalak erosi zuela, 100 urte

Nahiz eta Artikutza Goizuetako lurretan egon, Donostiako Uda­­lak erosi zuen duela 100 urte, 1919. urtean. Hori dela-eta, Enrique Ramos Donostiako ekologia zine­gotziaren esanetan, «2019a urte berezia da». 

Gainera, urtegia hustu berri dute, eta laster jakinaraziko dute zer eginen duten bertan: «harekin zer egin zehaztuko duen proiektua izapidetzen ari gara. Proiektua laster aterako da lizitaziora, eta hor zehaztuko da presa erabat deuseztatuko den ala beste irtenbide ba­tzuk hautatuko diren», azaldu du. 


Jardunaldiak, urrian

Bitartean, bi liburu eskatu ditu Udalak: Aranzadi Zientzia El­karteari, finkaren balioei bu­ruzkoa; eta dibulgazioko bat, Dani Burguiri. Horrez gain, do­kumental bat eta hitzaldi sorta bat ere eskatu dio Aran­zadiri, urriaren 3an eta 4an San Telmon eginen diren jardunaldietarako. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!