Etengabe lanean aritzen den «balio anitzeko» artista, «polibalentea» da Hernaniko tailerrean lan egiten duen Victor Goikoetxea. Momentu honetan Donostiako Basque Luxuryn erakusketa jarria du, eta laster Alicanteko Javea herrian jarriko du beste bat. Muralak egiten dituen margolari gisa ezagunagoa egin bada ere, etengabeko mugimendu horretan eskulturak ere egiten ditu, eta horrela, Santurtzin jarri zuen maiatzan, harri-zulatzailearena.
«Metalurgiara lotutako gunea izanik, burdina proposatu nien»
Lehendik ere Santurtzin bestelako lan batzuk eginak zituen Goikoetxeak, eta horrelaxe jarri ziren berriro berarekin harremanetan. «Parke publiko batean harri-zulatzaileari omenaldia egin nahi zioten. Eskultura figuratiboa nahi zuten, baina desberdina. Metalurgiara lotutako gunea izanik, burdina proposatu nien. Nik ere, ez nuen harri-zulatzaile gogor bat irudikatu nahi, brontzezko ohiko eskulturen modukoa, baizik eta, arina. Parkean integratzea nahi nuen».
Horrela, 5.000 eta 7.000 arandela inguru erabili zituen, eta 20.000 puntutan soldatuta lortu zuen hiru metro eta erdiko eskultura. «Aurrena forma eman nion; gero, arandelekin jantzi, eta su eman eta osatu nuen». Fundacion Hogar etorbidean dago jarria, harri-zulatzailea omentzen duen eskultura. XIX. mende bukaeratik XX. mendearen ia erdialdera arte meategietako langile preziatuak izan ziren harri-zulatzaileak, burdinezko bi metro luze zituzten makilarekin zulatzen baitzuten harkaitza, gero bertan lehergailuak sartu eta leherketa kontrolatuekin behar zituzten piezak lortzeko. Gaur egun herri kiroletan ikusi daiteke nolakoa izaten zen lan hau.
Datozen proiektuen artean, Hernaniko udaletxea
Lan gehiago ere baditu esku artean Goikoetxeak. Oraintxe, erakusketa jarria du Donostiako Basque Luxuryn, eta Alicanteko Javea herrian jarriko du beste bat, laster.
Eta bestelako lan gehiagoren artean, ziurtatu du 2020 hasieran ekingo diola Hernaniko udaletxeko Pleno aretoaren zaharberritze prozesuaren bigarren zatiari.