Bailarako hainbat errepidetan aldaketak izango dira, konponketa lanak medio.
Gaur gauean bertan, itxi egingo da Astigarragatik AP-8rako sarrera, gaueko 22:30etatik 04:30etara. Bitarte horretan, Astigarragatik Behobiarantz joateko, Aldundiak gomendatu du A-15 hartzea Hernani aldera, eta norabidea aldatu eta berriro A-15ean sartzea, Donostiara. Bilborako, berriz, GI-41 errepidetik Martuteneko errotondaraino joan ahal izango da, eta segidan, GI-40tik ospitaletara igo, G-20 eta AP-8ra sartzeko.
Asfaltatze lanak, Hernanin
Bestalde, bihar itxi egingo da Portuko tunela, Hernanin, inguruan sortzen diren mugikortasun arazoak konpontzeko egiten ari diren aldaketak medio. Tunela ostiralera arte egongo da itxita, eta tarte horretan, Elizatxo auzora sartu eta atera ahal izateko, Oindi kaletik egin beharko da. Portu eta Osiñaga auzoetara joateko, berriz, bide bakarra Karabeletik izango da.
Era berean, asfaltatze lanak egingo dira bihar Txirritan, Zinkoenean eta Sagastialden, baina ez da errepidea moztuko. Bai, ordea, astearte eta asteazkenean, Iturregi kalea.