EGUZKI ederraren azpian hasi ziren atzo Portuko San Joan Txiki jaiak, beste urte batez. Ohi bezala, umeen marrazki lehiaketarekin hasi zuten festa, nahiz eta eguerdira arte ez zuten jaien hasiera ofiziala egin.
Suziriarekin batera, lehertu zen festa, eta orduan abiatu ziren erraldoi eta buruhaundiak, herriko txistularien erritmora.
Segidan, haurrek hartu zuten protagonismoa: puzgarri eta barraketan ibiltzeko aukera izan zuten goizean, eta arratsaldean, betiko jolasekin gozatu zuten, hau da, lokotxekin, aulki jokoarekin... Eta indarrak hartzeko, txokolatadarekin!
Baina helduentzat ere izan zen jatekorik. Iluntze aldera izan zuten urteroko zita: 29garren sardin jate herrikoia, hain zuzen. Eta gero, parrandak hartu zuen lekukoa; hasteko, Andoni Magoaren saio ikusgarriarekin, eta ondoren, Puro Relajoren erritmo mexikarrekin.
Txapete oroimenean, auzotarrek
Ondo pasatzeaz gain, omenaldietarako tartea ere ez zen faltatu. Azkeneko urteetan bezalaxe, Mikel Valdivia Vida ?Txapete? izan zuen gogoan auzoak eta auzotarrek. Lore eskaintza egin zioten festak hasi aurretik, eta arratsaldean ere, lore ederrena aukeratu zuten, bere omenez.
Elenaren lorontzia izan zen garailea 190 punturekin, aurten, aurrenekoz, auzotarrek eman baitzituzten botoak sariak banatzeko. Bigarren eta hirugarrenak Haritz eta Paki izan ziren, 175 eta 173,5 punturekin. Carmen eta Jose izan ziren hurrengoak, 170 eta 166rekin. Baina parte-hartzaile guztiek jaso zuten lorontzi berria, opari.
Asto karrerak eta Laiotz, gaur
Gaurkoan, egunsentiko suziri jaurtiketarekin, goizeko 08:00etan hasiko da eguna batzuentzat. Ondoren, 11:30etan hasiko dira betiko haur jolasak, eta zinta lasterketarekin borobilduko dute eguerdia, opari ederrak lortzeko aukera paregabearekin. Jarraian, tiro karabina txapelketa izango da.
Umeentzako tailerrek berotuko dute arratsaldea, eta asto karrerak jarriko du ginda, arratsaldean.
Jarraian izango dira Patxin eta Potxin pailazoak, eta arratsaldetik jarriko dio musika Porturi Laiotz taldeak, auzotarren gorputzek nahi duten arte!
PORTUKO JAIAK 2019 EGITARAUA
GAUR, ABUZTUAK 24
08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
11:30, Haur Jokoak: Zaku karrerak, lokotxak, aulki jokoa, ura eta irinaren jokoa, etab.
13:00, Zinta lasterketa izugarrizko opariekin.
Jarraian, Tiro karabina txapelketa.
16:00, Umeentzako tailerrak.
18:00, LXVIII. Asto Karrera. Zintzarri Tabernak babestua.
19:00, Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna.
Jarraian, umeentzako dantzaldia Laiotz musika taldearekin.
Ondoren, denok afaltzera gaueko indarrak hartzeko.
00:00, Dantzaldia Laiotz Musika taldearekin.
BIHAR, ABUZTUAK 25
08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.
09:30, Diana txistulariekin.
11:00, Pelota partidu interesgarriak.
12:00, Meza auzoko hildakoen alde.
12:00, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.
12:30, Sagardo Dastaketa solidarioa. Bildutako dirua Urnieta Super H elkartearentzat izango da (gaitz larria edo onkologikoa duten umeentzako eta ikerkuntzarako laguntza elkartea). Miren eta Maialen trikitilariek alaituta. Sagardotegi partehartzaileak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta.
13:00, XLV. Toka eta Bote txapelketa (apuntatzeko epea 12:50etan bukatuko da).
14:30, Bazkaria. Euskal Parrilaren eskutik.
18:30, Herri Kirolak. Akelenea jatetxeak babestua. Bi taldeen arteko desafioa:
- A taldea: Aizkolaria: Iker Bizente; harrijasotzailea: Jokin Eizmendi; korrikalaria: Ibai Alba; eta Hernani Arraun Elkarteko arraunlaria.
- B taldea: aizkolaria: Mikel Larrañaga; harrijasotzailea: Haimar Irigoien; korrikalaria: Andoni Olazagirre; eta Hernani Arraun Elkarteko arraunlaria.
Jarraian, Laiotz taldearekin dantzaldia.
00:00, Jaien amaiera Laiotz taldearekin. Zezen suzkoa eta azken traka.