Publiko egin da Ohorezko Errugbi Mailakoen egutegia, eta Hernanik denboraldia bidaia luzeenarekin hasiko du, irailaren 15ean Sevillan jokatuko baitu aurtengo Heineken Ligara berriz itzuli den Cienciasen aurka. Liga hasteko ez da partidu txarra, irabazteko aukerak egongo baitira; hori bai, irailean Andaluzian oraindik ere beroa egiten du eta horrek norgehiagoka baldintzatu dezake.
Landaren lehenengo partidua irailaren 22an izango da eta bisitaria, pasa den denboraldiko bigarren jardunaldian izandako aurkari bera izango da, Complutense Cisneros madrildarra, hain zuzen. Beheko postuetan ibili zen talde unibersitarioa aurreko urtean, baina Hernanin irabazi egin zuen, eta berriz berdina errepikatu ez dadin, dena emango dute Polidorik zuzendutako jokalariek.
Derbi gipuzkoarra, hirugarren jardunaldian
Atsedenaldirako denborarik gabe, aurten goiz dator lehenengo gipuzkoar derbia. Ordizian jokatuko da irailaren 29an, eta bueltakoa, berriz, urtarrilaren 26an egokitu da. Beraz, datorren denboraldian ez da, aurreko urteetan bezala, hain erabakiorra izango azken sailkapenean. Puntuak beti garrantzitsuak dira, baina ez da hil ala bizikoa izango , pasa den urtean gertatu bezala.
Bost partiduetatik lau Landaren, urtea amaitu eta hasteko
Hala ere, denboraldiko unerik garrantzitsuenetakoa, lehenengo itzuliko azken lau partiduetan, eta bigarren itzuliko lehenengo partiduan, biziko dira. Azaroaren 10tik urtarrilaren 12ra arte, bost partidu daude iragarrita egutegian, Gabonetako atsedenaldia tarteko, abenduaren 15etik urtarrilaren 12ra. Tarte horretan, bostetik lau partidu, Landaren jokatuko dira. Intentsitate haundiko garaia izango da, Hernaniko errugbiarentzat.
Gainera, aurkariak hasteko oso gogorrak dira. Zortzigarren eta bederatzigarren jardunaldietan,bi talderik indartsuenak datoz Landarera. Azaroaren 10ean VRAC Quesos txapeldunak egingo du bisita eta hortik 21 egunetara, tartean bi asteko atsedenaldiarekin, El Salvadorren bisita jasoko dute trikoloreek.
Kopan VRAC eta Santander, talde berean
VRACen aurkako partidua Errege Koparako baliagarria da, eta talde berean dago Santander igo berria. Hauen kontra jokatuko dute bost partidu horietan kanpoan izango den bakarra. Hori, abenduaren 8an izango da.
Urtea, eta lehenengo itzulia amaitzeko, abenduaren 15ean, Barcelonaren aurkako norgehiagoka jokatuko dute hernaniarrek Landaren. Koparako finalerdietara sailkatzen badira abenduaren 22an izango litzateke finalerdia, baina pasa den urteko balentria errepikatzen ez bada, urtarrilaren 12ra arte ez da izango Ligako partidurik. Bigarren itzulia orduan hasiko da, eta Landaren Cienciasen bisita jasoko dute. Azken partidu hau da paper gainean lauetatik errazena, eta beste hiruak oso zailak dira.
Hala ere, hor puntuak lortzen badira, denboraldiko bigarren zatia baikortasunez ikusiko da. Oso garrantzitsua izango da ondo hastea denboraldia; lehendabiziko bost partiduetan bi-hiru garaipen lortzen badira, aurrera begira bultzada nabarmena izango da.
Kontuan hartu behar da taldeak gero eta gehiago indartzen direla, eta hernaniarrek, alde horretatik, ez dute besteen gaitasunik lehenengo taldea sendotzeko garaian. Gero eta zailagoa da mantentzea, baina Hernanik badaramazki zazpi urte jarraian Ohorezko Mailan eta zortzigarrena nahi dute lortu.
OHOREZKO MAILA
EGUTEGIA 2019-2020
LEHENENGO ITZULIA
1. jardunaldia, irailak 15
Ciencias-Hernani
2. jardunaldia, irailak 22
Hernani-Cisneros
3. jardunaldia, irailak 29
Ordizia-Hernani.
4. jardunaldia, urriak 6
Hernani-Independiente
5. jardunaldia, urriak 20
Santboiana-Hernani.
6. jardunaldia, urriak 27
Hernani-Burgos
7. jardunaldia, azaroak 3
Alcobendas-Hernani
8. jardunaldia, azaroak 10
Hernani-VRAC
9. jardunaldia, abenduak 1
Hernani-El Salvador
10. jardunaldia, abenduak 8
Santander-Hernani
11. jardunaldia, abenduak 15
Hernani-Barça
BIGARREN ITZULIA
12. jardunaldia, urtarrilak 12
Hernani-Ciencias
13. jardunaldia, urtarrilak 19
Cisneros-Hernani
14. jardunaldia, urtarrilak 26
Hernani-Ordizia
15. jardunaldia, otsailak 16
Independiente-Hernani
16. jardunaldia, otsailak 23
Hernani-Santboiana
17. jardunaldia, martxoak 1
Burgos-Hernani
18. jardunaldia, martxoak 22
Hernani-Alcobendas
19. jardunaldia, martxoak 29
VRAC-Hernani
20.jardunaldia, apirilak 5
El Salvador-Hernani
21. jardunaldia, apirilak 19
Hernani-Santander
22 jardunaldia, maiatzak 10
Barça-Hernani