Udara hasieran etorri ziren Jadya, Hayat, Fatma, Mansur eta Said Hernanira, Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetatik. Bost haur sahararrek bertan pasa dute udara, basamortuko berotik ihes egin, mediku azterketak egin, elikadura eta osasuna zaindu, eta kulturen arteko elkartrukea sustatu ahal izateko.
Oso gustora ibili dira, baina herrimina ere izaten dute. «Etortzea gustatzen zaigu, baina etxera bueltatzeko gogoa ere badaukagu, familia ikusteko», dio Hayatek. Etxera bueltatuko dira, baina hemen bigarren etxea utzita. Gaur abiatuko dira.
«Dena gustatzen zaigu!»
Bigarren etxe honetara bueltatzeko gogoarekin joango dira, ordea, etxera ere. Hain zuzen, Hayat berak kezka pixka bat agertu du, Euskal Herrira etorri den azken urtea hau izan daitekeelako, 12 urte dauzkala eta. Aaiun kanpamenduan dauzkan anai-arreba txikienen txanda dela dio, haiek oraindik ez baitira bertatik atera.
Jadyak, berriz, anaia bat dauka Bilbon. Hayat baino urtebete gazteagoa denez, zalantza egiten badu ere, berriro etorriko dela uste eta espero du. Pentsamendu horrekin dijoa bueltan, Smara kanpamendura. Hara dijoa bueltan, 9 urteko Fatma ere.
Bi mutilak, berriz, Mansur eta Said, Auserd kanpamendukoak dira, eta harmana urte dauzkate. Aurreneko aldia izan dute Hernanin, eta gainontzekoek bezala, gustora ibili direla diote.
«Makarroiak jaten ditugu han ere, baina ez daukagu hemen jartzen zaion gazta hori; hemengoak goxoagoak dira!»
«Etortzea gustatzen zaigu, baina etxera bueltatzeko gogoa ere badaukagu, familia ikusteko»
Gehien zer gustatu zaien esaten, hala ere, ez dute asmatzen. «Dena gustatzen zaigu! Igerilekuetan ibili gara, eta hondartzan, eta...». Haizea begiralearekin ibili dira hara eta hona, goizero, udaletxeak haientzat antolatzen dituen goizeko udalekuetan. Nahia, Jadyaren ahizpa hernaniarra ere, beraiekin ibili da askotan.
Janariaren inguruan galdetuta, errazago asmatzen dute, zer gustatzen zaien eta zer ez, esaten. «Makarroiak, arroza, pizza, xerra, oilaskoa... Dena gustatzen zaigu! Baina, batez ere, pizza! Eta purea eta arraina ez zaizkigu gustatzen...», diote. «Neri bai!», dio Jadyak. Jaki horietako askorekin ez dira harritu, errefuxiatu kanpamenduetan ere izaten baitituzte, hemendik bidalita. «Makarroiak jaten ditugu han ere, baina ez daukagu hemen jartzen zaion gazta hori; hemengoak goxoagoak dira!», dio Fatmak. Urari ere aldea nabaritu diote: «desberdina da hemengo ura; hobea, Saharakoarekin alderatuta».
Etxera, eta eskolara
Oroitzapen eta bizipen goxoak gogoan dituztela hasi dute gaur, errefuxiatu kanpamenduetarako buelta. Oraindik opor egun batzuk izango dituzte, eta gustora kontatuko diete etxekoei, hemengo berri. Adibidez, zein ausart ibili diren uretan igeri! Atzo bertan, Santa Klara irlan pasa zuten eguna. «Ez daukagu batere beldurrik!». Haizea, begiraleak ere, halaxe dio. «Ausartak dira, oso! Said kontu haundiagoarekin ibili da, hala ere...». Etxean zer kontatu, norberaren esku!
Azken opor egunekin gozatu ondoren, ordea, eskolan hasi beharko dute. «Oso gogorra da, eta asko ikasi behar izaten dugu!», diote. Ikasturtea xamurragoa egingo zaie, hala ere, berriro Hernanira etorriko direla pentsatuta. Hayat da, itzultzeko aukerarik izango ote duen oso seguru ez daukana. «Alá, edo behar denari eskatuko diogu». y