Irailaren 11ra arte ikusi ahal izango da Biteri kultur etxean jarritako argazki erakusketa: Hernanin Ikusiyak, 1875-1975. Juantxo Egaña, erakusketako komisarioak ehun bat argazki bildu ditu, Hernaniko ohitura, bizimodu eta abarren berri emateko. Tartean, badira sekula lehenago ikusi gabeak, artxibo eta liburutegietatik ez ezik, fondo familiarretatik lortutakoak ere bildu baititu. Horrez gain, grabatuak, diskoak, liburuak edota aldizkariak ere badira, Hernaniren edo hernaniarren argazkiak dauzkatenak. Ekainean inauguratu zen erakusketa, eta katalogoa ere, doan, denon eskura jarri zen bertan, 60 argazkiren informazioarekin.