Gaur, goizeko 11:45etan, Castroko itsasoan ETE Ligako emakume arraunlariak arituko dira, 2.778 metroko distantzian, hain zuzen. Bi luze eta ziaboga bakarra egingo dituzte.
Hamaika traineruk hartuko dute parte, bi tandatan. Lehenengoan 5 talde ariko dira: Hercos, Lapurdi, Ondarroa, Hernani eta Isuntza. Sailkapen nagusian zazpi eta hamaikagarren postuetan dauden traineruak dira, hain zuzen; Hernani zortzigarrena da 59 punturekin, eta Isuntza du aurretik, 10 puntu gehiagorekin. Bigarren tandan, berriz, 6 talde izango dira; San Juan, Kaiku, Deusto, Tolosaldea, Zumaia eta Hibaika. Azken biak aurreneko postuan daude berdinduta, 118 punturekin.
Hamaika traineru izango dira gaur Castron; bi txandatan jokatuko dute bertako bandera lortzeko.
Larunbatean, ligaz kanpokoa
Ez da, ordea, aste honetako estropada bakarra izango. Izan ere, Maialen traineruko neskak Donostian izango dira, Urumean barrena antolatu duten estropadan. Arratsaldeko 17:30etan hasita izango da, Mundaiz zubitik.
Honek Ligarako punturik emango ez badu ere, lehiaketako giroan murgilduta jarraitzeko balioko die hernaniarrei. Izan ere, Liga bukaera gertu dago: hurrengo astean, hilaren 24 eta 25ean jokatuko dituzte azken estropadak, eta oraindik ere sailkapenean koxkaren bat gora egiten saiatuko dira. Gero, gainera, Kontxako sailkapen estropada etorriko da. Ez da lanik izango, alferrikakorik.