Festa giroan egin zion harrera Goizuetako herriak ostegunean, Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxari. Eta festa aprobetxatuta, aldarrikapen bikoitza ere egin nahi izan zuten.
Ofizialtasunaren aldeko eskariarekin bat egiteaz gain, Goizuetako Kirolean Berdintasunez lan ildoari jarraituz, herriko eskolaren ondoan egindako murala aurkezteko aprobetxatu zuten; emakumea eta kirola irudikatzen dira bertan. Era berean, ondoren, Emakume Pilotarien Elkarteak antolatutako pala partiduarekin gozatzeko aukera izan zen. Itziar Lopetegi beteluarrak eta Ekiñe Balerdi usurbildarrak osatu zuten bikote bat, eta Eider Otaegi donostiarrak eta Irati Otaegi asteasuarrak bestea. Berdinduta aritu ziren hasieratik, eta jokaldi ederrekin gozatzeko aukera izan zen. Mendi martxako parte-hartzaileak gogotsu aritu ziren animatzen, oso nekatuta egon arren, etapa gogorra izan baitzen Sunbillatik Goizuetarakoa. Eguna borobiltzeko, afari solidarioa egin zuten, Tafalla eta inguruetan uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko dirua biltzeko. Unai Miranda alkatearen agurra ere jaso zuten bertan.
Ostiralean, berriz, Goizuetatik Andoainerako etapa egin zuten, Arano eta Onddin barrena, eta gaur, Usurbilera iritsiko dira. Bertan bukatuko da, pasa den larunbatean Ainhoan hasi zen Euskal Selekzioaren aldeko Martxa.