Ikasturte berria hastearekin batera, eskolako material asko bildu behar izaten da, aurreneko eskola egunerako prest egoteko. Askotan, gastua haundia izaten da, ordea, eta horri begira, azoka berezia jarri nahi du martxan Kronikak: eskola liburuen azoka.
Helburua hirukoitza da: batetik, etxean alferrik gordeta dauzkagun eta erabiltzen ez ditugun eskola liburuak etxetik atera eta berrerabiltzeko aukera ematea; bestetik, behar ditugun eskola liburuak merke-merke lortzea; eta azkenik, Kronikari laguntza ematea.
Bilketa, datorren astetik
Aurrena, eskola liburuak jasotzeko epea irekiko da. Hain zuzen, hilaren 12tik 23ra bitartean jasoko dira liburuak, Larramendi kaleko Kronikaren bulegoan.
Hernani eta Astigarragako ikastetxeetan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan edota Batxilergoan erabilitako eskola liburuak ekarri ahal izango dira. Liburuak entregatzen dituenaren datuak jasoko dira azoka martxan jartzean liburuak salduz gero, harekin harremanetan jarri eta dagokiona ordaintzeko. Saldu ezean, liburuak bueltan jasotzeko epea jarriko da, nahi duenak aukera izan dezan.
Azoka, hilaren bukaeran
Bakoitzak behar duen libururik bildu ote den ikusteko, berriz, Kronikatik pasatzeko aukera izango da abuztuaren 26tik irailaren 6ra arte. Nahi duenak erosi ahal izango ditu liburuak. Saldutakotik lortutako diruaren zati bat Kronika laguntzeko erabiliko da.