Zarkumendegi zelaiaren bestaldean, AP-8ko 17,000 puntu kilometrikoan egingo da Garraio Zentro Integraleko plataforma, Behobiako noranzkoan. 355 kamioirentzako aparkalekua izango du, zerbitzu eraikin bat eta kanpoko aparkaleku bat, 39 ibilgailu arin edo kotxerentzat.
Plataforma hori egiteko obraren lehenengo fasea esleitu berri du Bidegiko Administrazio Kontseiluak: Altuna y Uria, Urbycolan, Mariezcurrena eta Zubieder enpresek osatzen duten enpresa batasunak egingo du. Denera, 6.831.737 euroko kostua izango du, eta 24 hilabeteko exekuzio epea.
Hala jakinarazi zuen uztaila bukaeran Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuaren esanetan, eta gehitu zuen: «Bidegik bere gain hartuko ditu gastuak, osorik».
Bigarren fasea, urte bukaeran
Obraren aurreneko zati honetan egingo dituzte lurra orekatu eta urbanizatu, eta sarrera eta AP-8ra sartzeko adarra eta trafikoa banatzeko errotonda, besteak beste.
Bigarren fasean, berriz, zerbitzuen eraikina eraiki eta itxitura eta zaintza sistema martxan jartzeko lanak egingo dira, eta 2019ko azken hiruhilekoan aterako dira lizitaziora. Ondoren, Oiartzungo eremua eraldatuko da, eta hau, 2020ko urtarrilean aterako da lizitaziora, aurreikuspenen arabera.
Guztiarekin EAEko aurreneko Garraio Zentro Integrala eraikiko da, estatuko haundiena. Garraiolarientzako atsedenleku eta aparkalekuaz gain, izango ditu jatetxe-kafetegia, supermerkatua, komunak eta dutxak, telebista aretoa, aisialdi eremua eta garbitegia.