Oiartzungo Txost Pilota Klubak antolatu du aurten ere, Gipuzkoako Eskuzko Pasakako V. Txapelketa. Iaz irabazita, aurten ere finalera iritsi da Unai Álvarez hernaniarra, Villabonako Iñaki Lizaso bikotearekin. Aurten, ordea, ezin izan diote tituluari eutsi; Larraulgo Jon eta Andoni Urbieta lehengusuek irabazi diete, 13 eta 8.
«Ez genuen asmatu gure jokatzeko moduarekin»
Sailkapen fasean hiru partidu jokatu zituzten Alvarez eta Lizasok; 11-3 irabazi zieten Azpiroz eta mitxelenari, eta berdin, Urbieta eta Karrerari. Esnal eta Esnaola hernaniarren aurrean, ordea, 11-9 galdu zuten. Sailkapenean aurrera eginda, finalerdia 13 eta 7 irabazi zuten Chiapuso eta Arzelsen aurrean.
Finalean, ordea, ez zuten egun ona izan. Pasa den larunbatean jokatu zuten. «Luze» joaten dira partiduak, Alvarezen esanetan, «tenisean bezala» jokatzen baita, «baina 13 joko dira». Ez zuten asmatu, jokoan. «Ez genuen asmatu gure jokatzeko moduarekin, eta kontrarioek bai. Bikoteari eraso zioten, zalantzati zegoen, eta min egin ziguten. Hala ere, nahiko itxurako jokoa egin genuen, baina inpotentzia sentsazioarekin geratu ginen. Garrantzitsua da besteak baino lehen erasotzea, ezin da defenditzen aritu».
Dena den, egindako lanarekin pozik geratu dira. «Lizaso eta biok aspaldiko lagunak gara. Ez zuen inork espero, eta iaz eta aurten finalean izan gara».