Apirilaren 17an ireki zituen ateak, berriro ere, Chillida Leku museoak, eta hori gertatu zenetik, aurreneko udara dute hau. Hasiera hau programa berezi batekin hornitu nahi izan dute; publiko orori zuzendutako kultura eta hezkuntza-programa bat, alegia. Horri esker, hainbat disziplina izango dira museoaren espazioetan: dantza, musika eta yoga.
Programa zabala, beraz, Chillida Lekuk udara osorako, eta bereziki, abuzturako prestatu duena. Horien artean bi jarduera nabarmendu ditu museoak berak: Chillida ezagutuz ekimena etxeko txikienentzat, gaur hasi eta ostegunera bitarte; eta Sigma Project laukotearen kontzertua, asteazken honetan, hilaren 7an.
Asteazkenean, musika promenade bat eskainiko du Sigma Project saxofoi-laukoteak museoaren kanpoaldean, iluntzeko 20:30etan.
Chillida eta bere lanak ezagutzeko aukera, lau egunez
Gaur emango zaio hasiera horietako bati. Chillida ezagutuz izenburupean, neska-mutilei luzatu diete deia lau eguneko tailer baten bidez Chillida eta bere lanak ezagutzeko. Horretarako, Maushaus haurrentzako arte- eta arkitektura-laborategiarekin elkarlanean arituko da Chillida Leku museoa.
Chillida Lekutik azaldu dutenez, «eskulturak ukituko dituzte eta horiek egiteko erabili diren material eta testura desberdinak esploratu ahal izango dituzte. Gainera, espazioak bizi eta bere gorputzekin jolasteko aukera izango dute. Programak irauten duen bitartean, eskultoreak erabiltzen zituen zenbait teknika probatuko dituzte, eta, haren obra ezagutuko dute marrazketaren, paperez egindako collagearen, tintaren, buztinaren eta eskulturaren bidez».
Gaur goizeko 10:00etan hasiko da tailerra, eta oraindik, plazak libre daude.
Musika promenade bat, kanpoaldean
Abuztuko bigarren jarduera berezia asteazkenean bertan izango da. Sigma Project laukotearen eskutik, kontzertu berezia izango da museoaren kanpoaldean, publikoari ateak ixten dizkionean, iluntzeko 20:30etan hasita.
Alberto Chaves, Andrés Gomis, Ángel Soria eta Josetxo Silguero saxofoi-joleek osatutako laukoteak 2016an Eduardo Chillida, Sonoritateak erakusketaren itxiera-ekitaldian hartu zuen parte Wroclawen (Polonia). Chillidaren obrekin elkarrizketa estua zuen kontzertua eskaini zuten, eta esperientzia horren ildotik izango da asteazkenekoa ere.
Oraingo honetan, musika promenade bat eskainiko du taldeak; bere errepertorioa eskaintzeaz gain, beste hainbat egileren piezak ere eskainiko ditu, besteak beste,. Sánchez Verdú eta Jesús Torres.
Musikariekin batera, bertan izango da Inés R. Artola, erakusketetako komisarioa eta musikologoa. Berak, Chillidaren eta beste egile batzuen pasarteak irakurriko ditu piezen artean.
Sarrerak salgai daude www.museochillidaleku.com web-orrian.
Museoa gauez bisitatzeko aukera
Udaran zehar, gainera, museoa bizitzeko beste modu bat jarri dute bisitarien eskura. Bertan afaldu eta gauez bisitatzeko aukera, hain zuzen.