Uztailaren 25ean hasi zen Udaparkean ekimena, Gure Zirkua emanaldiarekin, eta honek 27ra arte iraun zuen. Atsedenaldi bat egin ostean, ostegun honetan berriro ere motorrak berotu, eta martxan jarri dute udararo Ave Maria parkean egiten den ekimena. Ordutik, hamaika dantza, ikuskizun eta jolas eskaini dituzte, eta gaur hurrengo urtera arte agurtzeko garaia heldu da. Agur hori are gozoagoa izateko, gaur ere nahikoa entretenimendu egongo da.
Arratsaldeko 19:00etan Esencial ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da, Vaiven Circoren eskutik. 20:30etan 2ZIO taldeak kontzertua eskainiko du, gazteei zuzenduta. Eta eguna modu lasai batean bukatzeko asmoz, afari musikatua izango da Ave Maria parkean, Bitartean taldeak girotuta. Ekimena giro ezin hobean agurtzeko aukera paregabea.