Hernani eta Astigarraga zeharkatuko ditu gaur Donostiako Klasikoak

Kronika - Erredakzioa 2019ko abu. 3a, 02:00

Gaur jokatuko da, Do­nos­tiako Klasikoa txirri­ndularitza proba ezaguna. Emakumeen proba berria izango da goiztiarrena. 127 kilometroko ibilbidea egin­go dute haiek, goizeko 10:15e­tan Donostiatik abiatuta.  Goi­ze­ko 10:20ak aldera pasako da Herna­nitik, eta jarraian sar­tuko da Astigarragan,  10:26ak aldera. 

Gizonezkoen proba eza­gu­na, aldiz, 227 kilo­metrokoa izan­go da, eta Donostiatik 11:49etan abiatuko da. Hori horrela, aurreikusten dute 14:15ak alde­ra igaroko dela Hernanitik, eta ondoren, 14:20­ak aldera, Astigarragatik. 

Sarrera, modu ezberdinean

Emakumeen txandan, Erre­kal­detik sartuko dira Herna­nira, ibilbide hau eginda: Chilli­da-Leku, Galarreta, Sor­gin­­txulo, Latsunbeberri, Zin­ko­enea, Ibaiondoko erro­tonda, Akarregi eta azkenik, Martin­degi. Segidan sartuko dira Astigarragan, Ergobia eta Do­nos­tia ibilbideetan barrena, Pelo­tari kalea hartuko dute, eta Kale nagusi­tik abiatuko dira, Peru­renara bidean. 

Gizonezkoak, berriz, Urnie­tatik iritsiko dira Hernanira, baina Txantxilla auzoan au­rrera jarraitu eta Sorgin­txulon sartuko dira herrira, bertatik, emakumeen ibilbide berbera egiteko. 

Kaleak itxita, Hernanin

Donostiako Klasikoa pasa baino lehenago itxiko dituzte kale eta errrepideak Her­na­nin. Emaku­mez­koak pasa baino 30 minutu lehenago itxiko dituzte kaleak, goizean, hau da, 09:50ak aldera. Gizo­nezkoena, aldiz, 14:20ak alde­ra pasako da, eta 45 minutu lehenago itxiko dira kale eta errepideak. Astiga­rra­gan pro­ze­dura bera jarraituko dute. 

Hori dela-eta, Hernaniko JOCC taldeak adierazi du,  «ahal dela, goizeko 09:30ak baino lehen eta 10:30­etatik aurrera» ateratzea errepidee­tara. Eta eguerdian ere, gauza bera: trafikoa mugatua egon­go da herrigunean 13:00ak eta 14:30ak bitartean, txirrindula­rien errit­moaren arabera.

Zaintza lanetan, JOCC eta Mundarro

Bai Hernaniko JOCC txirrindularitza taldea, baita Astigarra­gako Mundarro Kirol Elkartea ere antolakuntzarekin lanean aritu dira zaintza-lanak egiteko.  Hori horrela, Urumea bailarako bi herrietako taldeak bidegurutzeen zaintza-lanez arduratuko dira gaurkoan, «ibilgailuek lasterketa baldintzatu ez dezaten».

Herritarrek lan hori egiteko aukera izan dute; izan ere, boluntario bila aritu dira bi taldeak, azken asteotan. 

Animatzera joateko gonbitea, herritarrei

«Aspaldiko partez» lasterketa herrigunetik pasako dela-eta, Hernaniko JOCC taldeak gonbitea luzatu die herritarrei, lasterketak he­rria gurutzatzen ikusteaz go­za­tzeko: «Herna­niko txirrindularitza zaletu guz­tiak, eta hain zaletuak ez direnak, animatu nahi zaituztegu bi lasterketa hauek he­rrian ikustera; batez ere 10:15e­tan, aurreneko aldiz pasako den emakumeen trope­lari animoak helaraztera».

Gaur beraz, Hernaniko eta Astigarragako kale eta errepideetatik, Donos­tiko Klasikoak daramaki lekukoa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!