Argazkilaritzan trebatzeko aukera Gran Kanarian, Legarretarekin

Kronika - Erredakzioa 2019ko abu. 1a, 02:00

Beste esperientzia bat bizitzeko aukera eskaini nahi die Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak argazkigintza gustuko dutenei. 

Beste hainbatetan egin duen moduan, argazki-bidaia egingo du abenduan, oraingo honetan, Gran Kanariara. Abenduaren 3tik 8ra egingo du, eta harekin joan nahi duenak astelehenera arte dauka aukera izena emateko. 

Horretarako, baita informazio gehiagorako ere, Lega­rretarekin berarekin jarri behar da harremanetan: nagore.legarreta@gmail.com.


Ricardo Montesdeoca kanariarrarekin batera

Ricardo Montesdeoca argazkilari kanariarra ere, bertan izango da, Legarretarekin ba­te­ra. Legarretak berak azaldu duenez, «argazkilaritzarekin es­perimentatzeko aukera izan­go da egun hauetan, bai digitala edo analogikoa. Izan ere la­borategi bat eta beharrezko materiala izango da erabiltzaileen eskura...». 

Baina ez hori bakarrik, «irlako paisai, eguraldi, jaki eta bertako kultura eta historia ezagutzeko aukera izango da», azaldu du.


Legarretaren proiektua, aukeratua

Bitartean, lanean jarraitzen du Legarretak haren proiektuetan. Duela egun batzuk jakinarazi du Alkizako Sor­men Kabia deialdirako berak aurkeztutako proiektua aukeratu dutelako. «Pozik» agertu da, eta aurreratu du «natura eta bertako biztanleak lotzen dituen proiektu parte-hartzailea» izango dela, «biztanleek haien inguru-naturarekin di­tuz­ten lotura emozionalak azaleratzen lagunduko due­na, esperimentazioa, sormena eta ekintza ardatz hartuta». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!