«Larunbatean ETAko preso ohi bati egindako ongietorriaren aurrean», Hernaniko PSE-EEk «EH Bilduren jarrera eta Hernaniko bizikidetza-politika» gaitzetsi ditu.
Ohar baten bidez, Hernaniko alderdi sozialistak adierazi du: «larunbatean gertatutakoak ez dio elkarbizitzari laguntza; ezker abertzaleak hausnartu beharko luke halako ekintzek herriko elkarbizitzari lagundu egiten dion ala okertu egiten duen».
Azaldu du, baita ere, ez duela bat egiten «ETAko preso ohiei egiten zaizkien ongietorri publikoekin». Baina ulertzen dute horiek «familiartean egitea, beste hainbatetan gertatu den moduan, biztanleriaren zati bati ezinegona sortu gabe».
«Frogatuta geratu da bizikidetza gaietan ezker abertzaleak bere ikuspuntua inposatu nahi duela»
Beste zenbait herrirekin «aldea»
Ricardo Crespo PSE-EEren udal taldeko bozeramaileak adierazi duenez, «aldea dago EH Bilduk Hernanin aldarrikatzen duen bizikidetzaren eta beste herrietan ikusi ahal izan denaren artean». Hori horrela, «oinarri hauekin Hernanirako nahi duten bizikidetzan ezin dugu parte hartu», onartu du.
Izan ere, Cresporen ustez, gertatutakoaren ondoren, «frogatuta geratu da bizikidetza gaietan ezker abertzaleak bere ikuspuntua inposatu nahi duela, kontuan hartu gabe Hernani beste errealitate batzuk ere badaudela».
«Hernaniko PSE-EEk ez dauka lan gehiago egiterik EH Bildurekin, ezker abertzaleak ulertzen duen arte espazio publikoa denona dela, eta ezin duela honen erabilera publikoa egin, ezta ezker abertzaleak hernaniar guztiongan enpatia erakutsi arte», dio argi eta garbi Ricardo Crespo bozeramaile sozialistak.