Astearteko Plenoan eztabaidatu zen Hernaniko Udalean, besteak beste, zinegotzien liberazioa eta ordainsaria. Eta horren harira, kritiko azaldu da Hernaniko EAJ-PNV, EH Bilduren Gobernu Taldearen jokabidearekin: «alkateak prentsan esan zuen talde politiko guztiekin hitz egin eta negoziatuko zuela, baina gerora ikusi dugu, frexkura eta borondate berri baten itxura eman nahi zuela, eta errealitatea betikoa dela. EAJ-PNVren proposamen bakar bat ere ez da kontutan hartu», adierazi du Andoni Amonarraiz bozeramaileak.
Hain justu, zinegotzien lan-baldintzen inguruko eztabaidaz hitz egin du: «bi bilera egin genituen. Aurrenekoan gure proposamenak egin genituen, eta bigarrenean ezezkoa eman zieten guztiei. Gainera, aditzera eman ziguten Errenteria eta Hernaniko zinegotzien lan-baldintzak antzekoak direla. Gezurra da. Beste legegintzaldi batez, Hernaniko oposizioko zinegotziek izango dituzte lan-baldintzarik txarrenak, bere tamainako herrien artean; eta inguruko herri gehienetan baino okerragoak, herri txikiagoak izan arren».
«Diskriminazioa da»
Amonarraizek salatu ditu, Gobernu Taldeko eta oposizioko zinegotzien arteko desberdintasun haundiak: «soilik bermatzen zaie beraien aurreko lanpostuko soldata maila EH Bilduko zinegotziei; eta oinarrizko soldata, oposiziokoena baino %10 haundiagoa da. Erabaki horiekin, EH Bilduk diskriminatu egiten ditu, EAJren edo oposizioko beste alderdien zerrendetan aurkeztu nahi duten hernaniarrak, eta egungo ordezkariak. Hau guztia erregulatzen duen arauan aurten egin diren aldaketekin, uste dugu lege-iruzurra ematen ari dela».
Amonarraizek adierazi du, bukatzeko: «gu diskriminatzea eta etsaitzat hartzea EH Bilduren ideologia politikoa ez konpartzeagatik, ez da elkarbizitza hobetzeko bidea; eta legezkoa denik ere ez dugu uste».