Tomas Arotzena Zubeldia
Hirurogei bat urte izanen duk elkarrekin mojetan ibili izana, gerora Biterin. Caralsola bertan ikasi genian...
Gazterik hasi hintzen lan munduan, ez ni ordea; estudiante tunante izaki, berandu(xe)ago egin nian estrainekoa. Beti-Haserrekoen bizipenak... Aro bertsuan Burgoseko Prozesua, garai gatazkatsua, zinez; baina parrandarako sasoia ere izan genian, baita probextu ere, hik heuk ez luzaroan, egiari zor; izan ere, gazterik herriarekiko engaiamenduari hertsiki lotu eta Txuzorekin batera etxetik ihes egin beharrean aurkitu baitzineten. 43 urte dagoeneko! Marka da gero!
Data eta urte-epeei gagozkiola, honatx bertzea: gaur etxerako bidean izanen haiz, ia 30 urte espetxez espetxe eman ondoren (turismoaren onurak profitatzeko abagune paregabea!). Aipatu lez, gaur gure artean izanen haugu; ikasi dudanez, Zabaleta-Apaolazatar (a zer kasta!) sokakoek ospatuko duzuen elkarren arteko bazkarian. Hunkigarria izanen da! (arrazoi aunitz, tarteko). Harro egon zaitezkete, bai horixe!
Egungo hainbat gazterentzat aipatu datek (60/43/30) aintzinakotzat badirudite ere, herritar beste askok, hagitz ongi oroitzen dizkiagu.
Bon, hire lagun den honen aldetik bertzerik ez.
Errugbilarien artean ere: aurrera bolie!