Zinegotzien ordainsari eta dedikazioen aldaketa onartuta, eztabaidarekin

Kronika - Erredakzioa 2019ko uzt. 25a, 02:00

Laburra izan zen asteartean egin zuten ezohiko Plenoa, Her­naniko Udalean. Baina izan zen eztabaida, puntuetako ba­tean:?EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen, zinegotzien ordainsarietan eta dedikazio­e­tan aldaketa egitea; eta kontra azaldu zen oposizioa.

«Aurrekontua Gauzatzeko Arauaren 11garren artikulua da egokitu behar dena, 20.000 biz­tanletik pasa delako herria. Horrekin, guztira 10 liberazio osorentzako baimena jaso da arauna, legeak dioenera egokitzeko: alkatearena, Gobernu Taldeko sei zinegotzirena, eta oposizioko hiru zinegotzirena. Horrek ez du esan nahi, guzti­ak gauzatuko direnik», azaldu zuen Xabier Lertxundi alka­te­ak. Eta zinegotzien ordainsariak ere egokitu dira: 35.000 euro inguru Gobernukoek, eta 31.900 inguru oposiziokoek.

EAJko Andoni Amonarraizek kritikatu zuen, ez dela negozia­ziorik izan; Udal Gobernuak atzera bota dituela oposizioaren proposamenak, bere ideia­tik mugitu gabe. Eta adierazi zuen, «oposizioko zinegotziak diskriminatuta» daudela, ezarri zaien ordainsariarekin.

PSE-EEko Ricardo Crespok ere, nabarmendu zuen ez dela justua, soldata haundiagoa iza­tea Gobernuko zinegotziek, opo­siziokoek baino; eta ez de­la pro­portzionala, hauteskunde emaitzei erreparatuz, ezarri den liberazio kopurua.

Ondoren, onartu zen, baita ere, behin behineko komunikazio arduradun lanpostu bat sortzea Udaleko plantillan. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos azaldu ziren alde, eta abstenitu egin ziren EAJ eta PSE-EE.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!