Hitzarmen berria sinatu dute Gipuzkoako papergintzan, LAB eta CCOO sindikatuek, Adegi Gipuzkoako Enpresen Elkartearekin. Horrela, bi sindikatuek onartu egin dute, Adegiren azkeneko eskaintza. Ez, ordea, ELA sindikatuak: «hitzarmena betetzeko berme falta» salatu du, eta ez du akordioa sinatu.
LABek adierazi zuen, prentsa ohar bidez, «sektoreko langileei hitza eta erabakia emateko konpromisoa» hartu zuela, Adegiren azkeneko proposamen horren aurrean, eta langileek «argi utzi» zutela haien iritzia: «langileen %70ak egin du Adegiren eskaintza onartzearen alde, nahiz eta ordezkaritzaren %44a daukan ELAk proposamenaren kontra egin, eta %28a daukan CCOOk iritzi argirik azaldu ez, boto askatasuna emanez langileei».
«Borroka izan da, Adegi eraman duena sektoreko eskaerak onartzera»
LABek nabarmendu du, «sektoreko langileen lorpena» izan dela, hitzarmen hori lortzea: «borroka izan da, Adegi eraman duena sektorean betidanik egon diren eskaerak onartzera. Hitzarmen hau da, azken urte luzeetan lorpen sozial gehien dituena. Ez dago eskubide galerarik, hobekuntzak besterik ez. Enplegua bermatzen du, irabazi ahalmena hobetzen du, eta lana eta bizitzaren uztarketa errazten du. Sindikatu guztiok jarritako helburuei erantzuten die», adierazi du.
«Hitzarmen hau da, azken urte luzeetan lorpen sozial gehien dituena; hobekuntzak besterik ez ditu», adierazi du LABek.
Lortutako eskaera horien artean, hainbat nabarmendu ditu LABek: «errelebo kontratua derrigorrezkoa izango da, eta laneko bajetan, soldataren %100a kobratuko dute langileek. Baimenetan ere, hobekuntza nabarmena egongo da; guraso bakarren kasuan, sendagilearengana laguntzeko ordu gehiago izango dituzte, hitzarmena familia eredu berrietara egokitzeko. Honi gehitu behar zaio, soldata igoera garrantzitsua; izan ere, 2019an KPI+1, eta 2020 eta 2021ean KPI+1,25 igoko dira soldatak. Orain arte ez bezala, langileek ez dituzte oporrak galduko, baja egoeran egoteagatik 18 hilabetetan ez hartu izanagatik. Berdintasun planak egitea adostu da, euskeraren normalkuntzarako mahaia sortuko da, lan osasunean hobekuntzak egon dira, eta haurdun dauden emakumeentzat, soldata galdu gabe lanaldia gutxitzeko aukera egongo da, besteak beste».
«Zoriondu nahi ditugu, greba egin duten langileak»
LABek adierazi du, era berean, «bereziki zoriondu» nahi dituela, «sei greba egunak egin dituzten langileak. Beraiei esker mugitu da Adegi, eta lortu dugu akordio hau».