Igandea berezia da Aranon, Santio guztietan. Festetako azken eguna da, eta afari herrikoiarekin ematen diete bukaera jaiei. Baina aurten, nobedadeak izanen dira Ziztangilen egunean, eta herria oraindik eta piztuagoa egonen da. Goizeko feria, herri afaria eta egunean zeharreko zitez gain, lehenengo aldiz apar festa eginen da festetan, suhiltzaile boluntarioekin.
Ziztangilen egunean giro ederrean izaten dira aranoarrak, baina triste festak bukatu direlako. Egiteko asko egonen da igandean, eta emanaldiz beteriko eguna ere bada; feria izaten da goizetik, tortila lehiaketaren ondoren, musikariak, eta herri afaria, gaualdean. Apar festa da aurtengo zita berria, arratsaldean.
Feria goizean, herriko produktuekin
Goizean goiz esnatuko da Arano, herriko jaiak agurtzeko. Feria jarriko da, urtero bezala, bertako produktuekin. Sagardogileak, gaztagileak eta bertako edo herriarekin harremana duten artisauak izanen dira, jateko eta edatekoak eskaintzen. Herrikoen borondatea ere nabarmena da urtero urtero eramaten dituztelako postre ezberdinak, etxean egindako ogia, edota basurde gixatuak, beste askoren artean.
Ondoren tortila lehiaketa eginen da, norberak etxean sukaldatu duenarekin. Soziedadera gerturatu, eta lehiaketara aurkezten den tortila bakoitzari zenbaki bana jarriko zaio, gero epaimahaiak proba dezan. Aurten ere, jai batzordeak herritarrak animatu ditu parte hartzera; hamaiketako ederra egiten dute gerturatzen direnek eta bertan tortilak dastatzen eta egiten ibili direnek ere, nola ez. Dibertigarria ere bada, urteko bi tortila onenak zeintzuk diren jakitea!
Urtero antolatzen den zerbait da, tortila lehiaketarena. Parte-hartzaile dexente izaten dira, eta dastatzeko tortila mordoa ere, denentzat. Eta feria ere, ohitura bihurtu da Santio jaietako azken egunean, Zintagileenean. Horregatik, aurreikuspen ugari daude egun honen inguruan, giro aparta espero baitute herrian.
Gitarra kontzertua eskainiko dute, Santioen azkeneko arratsaldean, Araitz eta Maddi gaztetxo aranoarrek.
Ziztangilek etenik ez, arratsaldean
Egiteko ugari izanen da bazkal ostean, Santiotako azken egunean. Bi tortila goxoenak zein diren erabakita izango dute honez gero, eta nahikoa asetuta ere izanen dira, ziztangilak. Txikienek berriz, ez dute deskantsurako astirik izango; Goizuetatik etorriko da suhiltzaile bolondresen kamioia, eta sekulako apar festa antolatuko du herrian. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera izanen da, aurtengo jaietako nobedadea izanen dena.
Ura eta xaboiarekin bustitzeko eta ondo pasatzeko aukera izanen dute umeek. Baina Ziztangilen eguna guztiena da, eta gaztetxoenek ez ezik, animatzen diren guztiek ere bustitzeko eta aparrez betetzeko aukera izanen dute.
Lehenengo aldia da herrian apar festa bat antolatzen dela, eta emozio haundia nabari da aranaor txikienen artean, batez ere. Santio jaiak uztaila bukaeran izaten dira eta eguraldi ona espero da, azken egun honeterako; eguzkiak laguntzen badu, urarekin busti eta arratsalde osoa apar azpian egoteko festa bihurtuko da, Ziztangileena.
Beste nobedadetako bat gitarra emanaldia da. Arratsaldeko emozio eta zirraren ondoren, pixkat bat baretzeko eta musikaz gozatzeko ordua helduko da. Araitz eta Maddi aranoarrek musika emanaldia emanen dute, 20:00etan. Gitarra ikasten dute, eta beren instrumentuekin batera, Santiotako azken egunean luzitu eginen dira herritarren aurrean, festak girotzen jarraitzeko.
Bingo musikatua eta afari herrikoia, Santioak agurtzeko
Aranoar guztientzat ospakizuna izaten da Ziztangilen eguneko afaria. Santiotako azken egunean izanen da, jaiak agurtzeko. Goxo-goxo afaltzen dute denek, familia giroan. Eta gero, bingo musikatua izanen da. Aurten lehenengo aldiz, bingo alternatiboa eginen da; kartoiek zenbakiak izan ordez, abestiak izanen dituzte. Helburua ongi pasa eta jendeak mota guztietako abestiak abestea da. Mikrofonoa ere izanen da, ausartenarentzat, abeslari lanak egin ditzan.